Itzulpena: Jon Alkorta Martiartu doktorea (UPV/EHU)
Irudien borroka
1517ko urriaren 31n, Martin Lutero Wittenbergeko teologo eta fraide agustindarrak Laurogeita-hamabost tesiak izeneko eskuizkribu bat iltzatu zuen bere herriko elizaren atean, eztabaida teologiko bat irekitzeko asmoz. Erromaren kontrako ideiak inprentari esker zabaldu ziren Europa osoan. Baina hemen nabarmendu nahi dugun fenomeno garrantzitsu bat Erreformako irudi propagandistak dira, Erromako Aita Santua Antikristoarekin alderatzen zutenak. Horrela, ideia erreformatzaileak Europako iparraldeko herri xehearen artean zabaldu ziren.
Sarrera
Ez dago dudarik XVI eta XVII. mendeetan Erromako aitasantutzak egin zuen lanik garrantzitsuena Vatikanoan San Petri basilika eraikitzea izan zela. Ez zen izan Aita Santurik, 1506an Julio II.etik 1626an Urbano VIII.a arte, tenplu hau sagaratu zen urtea, alegia, kristautasunaren gotorleku nagusia izango zen harentzako funtsak lortzeko behar zena egiteko zalantzarik izan zuenik. Eta, horretarako, behar bezain beste diru erabili zen maisurik onenak bilatu behar zirelako bai arkitekturarako, bai tenplua apaintzeko.
Bertan, Bramante, Rafael Sanzio edo Michelangelo bera bezalako jeinuek parte hartu zuten. Elizgizon katolikoek lan ikaragarri hau finantzatzeko aurkitu zuten moduetako bat induljentziak saltzea izan zen: Erromako Elizari diru kopuru handi bat ordaintzen zionak bere bekatu guztien barkamena lor zezakeen, edo, gutxienez, Purgatoriora igotzea. Aita Santuak luzatutako idazki batean jasota geratzen zen hau. Dokumentu horiek induljentzia izena hartu zuten.
Testuinguru horretan, iparraldeko kristauak mesfidati agertu ziren Erromaren jarrera honekin, ez baitzeuden batere ados. Eskandalua hain izan zen handia, ezen orduko Eliza kristaua dinamitatu baitzuen. 1517ko urriaren 31n, Martin Luterok Laurogeita-hamabost tesiak aurkeztu zituen, eztabaida bat irekitzeko asmoz.
Baina sua piztutzea besterik ez zuen lortu. Tesiak azkar itzuli ziren alemanera eta inprentari esker zabaldu ziren. Bi asteren buruan, Alemania osora hedatu ziren, eta, bi hilabetean, Europa osora. Erreforma Protestantearen hasiera izan zen.
Erreformaren garaipenaren arrazoietako bat eztabaida teologikoarekin batera jazotako fenomeno bat izan zen. Zalantzarik gabe, Erreformaren ideiak aitasantutzaren gainetik gailendu zitezen lagundu zuen. Izan ere, maisu grabatzaile batzuk aitasantutzaren aurkako estanpa kritikoak egiten eta zabaltzen hasi ziren inprentari esker. Horrela, Europa osoko herri xeheak monjeak asto gisa ikusi ahal izan zituen, Eliza Apokalipsiaren piztia bezala edo Aita Santua Antikristoa bezala.
Passional Christi und Antichristi-a
Lucas Cranach Zaharra. “Kristo Jerusalemen Sartzen” eta “Aita Santua Gerrara “, Passional Christi und Antichristi-tik. Wittemberg (1521).
1521eko martxoan Wittembergen argitaratua, Passional Christi und Antichristi hamahiru xilografiak, Bibliako aipuek, eta Aita Santuen dekretu eta epaiek osatzen dute, Melanctonek eta Johann Schwerdtfeger legelariak garatutako argudioekin batera. Irudien bidez aita santua Antikristoaren Elizaren buru zela irudikatu nahi izan zuten. Aita santuaren aurkakoa den pertsonaia hau Danielen Liburua-ren profezia batean oinarrituta dago, eta bere kontakizuna Erdi Aroko kondaira herrikoi batetik garatu zen. Melancton eta Cranach-en bertsioak aita santuaren bizitza Jesukristorenarekin kontrajartzen duten irudi bikoteak aurkezten dizkigu.
Jesukristori arantzazko koroa jarri zioten bezala, Aita Santuak urrezko tiara hirukoitza jazten du. Jesus Jerusalemen asto baten gainean txalo artean sartu zen bitartean, Aita Santua soldadu boteretsuekin doa gerrara. Kristo, benetako erregea, salbatzera eta ez erreinatzera datorren bitartean, Aita Santuak bere erreinua beharko lukeenaren kontrako moduan erakusten du. Horri Cranachek beste elementu batzuk gehitzen dizkio, hala nola Jerusalemgo ateak batean eta infernukoak bestean.
Tenplua neurtzen
Lucas Cranach Zaharra. “Templua Neurtzen”. Wittemberg (1522).
Luteroren Bibliaren lehen itzulpenerako Cranachek egindako ilustrazioetako batean, 1522ko irailean argitaratua, nola San Juani tenplu bat neurtzea agindu zioten ikus dezakegu—Errebelazioa 11 pasartean agertu bezala. Mugitutako zoruko bloke baten azpian, infernutik datorren Apokalipsiaren piztiak tiara hirukoitz bat darama, Erromako Aita Santuarekin lotzen duena. Aita Santuaren eta Antikristoaren arteko loturaren ideia agertzen zaigu berriro.
Klero katolikoa pertzan
Apokalipsia eta Elizaren Alegoria Satirikoa-ko xilografia. “Klero Katolikoa Pertzan” (1546).
Apokalipsia-ri buruzko Gerung-en seriea eta Cranachen Passional Christi und Antichristi Erreformaren propagandaren dokumentu garrantzitsuen bezala har daitezke. Bere bitxitasunagatik eta seriea inoiz ez zelako argitaratu testudun liburu gisa, azken hau agian ez da oso ezaguna izan. Badakigu xilografiak pare gisa diseinatu zirela, ezkerrean Apokalipsiaren ilustrazio batekin eta eskuinaldean eliza katolikoaren edo turkiarren ezaugarriren baten satira batekin. Normalean testuaren pasarte berean oinarrituak zeuden biak.
Hemen dugun xilografiak Antikristoaren suntsipena irudikatzen du, zeina Gerungek aita santuarekin parekatzen duen. Aita santua, beste katoliko batzuekin batera, pertza batean aurkezten da bi deabruk astitintzen duten eta aita santuaren tiara lepoan daraman figura batek auspotutako su baten gainean. Gotzain eta kardinal talde bat eszenari begira daude. Eliza Katolikoa suntsitzear dagoela iradokitzen duen satira ironiko bat, alegia. Eszena honekin batera doan Apokalipsia-ko pasartea bosgarren Aingeruaren ikuspegia da, non giltzadun izar bat botatzen duen infernuko putzuan eta oti ikaragarri batzuk askatzen dituen. Amildegitik datorren ke hodei handia Gerungek aita santuaren heresia bezala interpretatzen du, eta bost hilabeteren buruan iritsiko zen Gerra Handiak amaiera ekarriko lieke Antikristoari eta bere aita-santu izurriteari.
Antikristoa
Matthias Gerung. “Antikristoaren Jaiotza”. Xilografia.
Irudi hau eta Antikristoaren bataioari eskainitako beste bat, Jesusen arerioaren, Mesias faltsua, alegia, gai herrikoiari buruzko panfleto sail ezezagun batekoak dira. Antikristoaren jarduerak aitasantutzarekin lotu zituen propaganda protestanteak. Lehenengo irudiak antikristoaren jaiotza irudikatzen du eta bigarrenak bataioa, latinez eta alemanez egindako inskripzio argigarriekin. Testu horiek diotenez, izaki horren sorrera oso motela eta mingarria izan zen, eta bitartean deabrua Akerontean, infernuko ibaian, bainatzen ari omen zen. Bigarren irudiaren deskribapenak animosoagoak dira, benetako bataioak gizateria Azken Judizioaren mehatxutik askatuko duela kontatzen baitute.
Gaita jotzen duen deabrua
Erhard Schön. ·Deabrua Gaitarekin” (1530).
Hauxe da erreformatzaileek Erromako Eliza Katolikoaren aurka zuzendutako grabatu kopuru handiaren artean aurki dezakegun irudi deigarrienetako bat. Monje baten sorbaldetan pausatutako deabruaren irudiak, monjearen belarri eta sudurretik abesti bat joaz, gaitak lizunkeriarekin zuen ustezko lotura azpimarratzen du.
Monjeak deabruaren instrumentuak izan zirenaren ideia oso zabaldua zegoen eta asko dira erlazio erakusten duten xilografiak. Hala ere, monjeen eta deabruaren arteko lotura hori ohikoa zen populuaren artean Erreforma baino lehen ere.
Zazpi burudun piztia
Hans Brosamer. Zazpi Buruko Martin Lutero (1529). Johannes Cochelus-en Sieben köpfe Martini Luthers liburuaren azaleko grabatua.
Irudien gerra hasi eta urte gutxira, katolikoak ez ziren kikildu eta beraiek ere bilatu zuten kritika grabatu iraingarrien bitartez. Ospetsuena, ziurrenik, Hans Brosamer-ek egindako Zazpi burudun Martin Lutero izango litzateke. Xilografiak Apokalipsia-n deskribatutako herensuge edo antikristoa bezala erakusten du erreformatzailea.
Zazpi buruak pertsonaia ezberdinekin bat datoz: doktore bat, santu bat, fedegabe bat, apaiz bat, fanatiko bat, elizaren ikuskatzaile bat eta Barrabas bera. Luteroren buruak dira guztiak, zeinaren iritziak bere buruak bezain anitzak diren.
Katolikoek diseinatutako piztiatik urtebetera, protestanteek aita santuaren zazpi buruko piztiaren xilografiarekin erantzun zuten. Irudi honek elizaren maila ezberdinetako zenbait figura jasotzen ditu. Munstroa Mammonen (aberastasunaren pertsonifikazioa) aldare batean dago jarria. Grabatuaren testuak azaltzen duenez, induljentziak ematearekin aberastu da aitasantutza.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (3 de julio de 2023). La guerra de las imágenes. El blog de Tartalo. Recuperado 19 de marzo de 2025 de https://doi.org/10.58079/unvs
Hola Miguel: celebro que te gustara el artículo. Es un tema poco conocido pero ciertamente significativo. Efectivamente, sin la imprenta no hubiera sido posible.
Mil gracias por tu comentario.
Me ha gustado mucho este artículo. La propaganda anti Iglesia Católica o anti Lutero/ Reforma, del siglo xvi, no hubiera sido posible sin la imprenta.