Itzulpena: Jon Alkorta Martiartu doktorea (UPV/EHU)
Eskandinaviar mitologia apur bat
Guztiok ezagutzen ditugu Odin, Thor, valkiriak edota bikingo arpilatzaileak. Europa iparraldeko lurraldeetara egingo dugu bidaia eskandinaviar mitologia osatzen duten kondairak ezagutzeko asmoz. Zatoz Valhallara.
Eddak
Inork ez luke esango monje kristau bati esker gorde denik gaur egun eskura dugun eskandinaviar mitologiari buruzko corpus handia. Monje hau Snorri Sturluson zen, 1179 eta 1241 artean Islandian bizi izan zena. Bere bizitzan zehar, Eskandinaviako ahozko tradiziotik hainbat kontakizun bildu eta Edda izena eman zien. Zehazki, Snorriren obra prosaz iritsi zaigu, eta horregatik Edda prosaikoa edo Edda txikia bezala ezagutzen da. Izen bera beste konpilazio anonimo bati ere eman zitzaion, bertsotan oraingoan, Edda poetikoa edo Edda nagusiabezala ezagutzen dena, alegia.
Testu horiei esker, eskandinaviarrentzat munduaren jatorria nolakoa izan zen azaltzen duen kosmogonia nordikoa ezagutzen dugu: nola bereizten ziren haien bederatzi munduak (guztiak Yggdrasil zuhaitzaren enborrean ezarriak), zeintzuk ziren jainkoak eta haien bandoak (Vanir-ak eta Aesir-ak), eta munduaren amaiera nolakoa izango zen, batez ere guduan erori eta beren heriotza Valhallara beren jainko Odinekin ospatzera joango ziren gerlari adoretsuentzat.
Testu horiez gain, Saga izeneko narrazio sorta bat ere iritsi zaigu, Eskandinaviako heroien balentriei buruz hitz egiten digutenak fantasiaren eta errealitatearen artean. Adibidez, Erik Gorriaren Saga aipatu genezake, bikingoak Ipar Amerikara iritsi zirela kontatzen duena, Vinland izeneko leku batera.
Erdi Aroko testu hauetaz gozatu nahi baduzu, Alianza Editorial-en Edda nagusia eta Edda txikiaren edizioak gomendatzen dizkizugu, baita Miraguano argitaletxeak goraipatzeko moduan argitaratutako Sagak ere.
Zalantzarik gabe, eskandinaviar mitologiako jainkorik ezagunenak Odin eta Thor dira. Lehenengoaren ezaugarria jakituria da. Badakigu Sleipnir izeneko zortzi hankako zaldi baten gainean ibiltzen zela, urrunetik ikustea ahalbidetzen zioten hiru belez lagundurik. Bere kondairek diotenez, jakinduria lortzeko, zuhaitz batean zintzilikatu zen. Heriotzaren atarian egun batzuk eman ondoren, runak errebelatu zitzaizkion, konjuruak egiteko erabili zezakeen alfabeto magiko bat. Trukean begi bat galdu zuen.
Thor, berriz, trumoiaren jainkoa zen, ezaugarri nagusia bezala Mjolnir mailua zuen gerlari boteretsua. Bere istorioetako batek Midgard itsas sugea garaitu zuela kontatzen du, hil arteko borroka izugarri baten ondoren.
Panteoi nordikoaren beste jainko batzuk Freya, Loki edo Balder dira. Hemen uzten dizuet Manuel Velasco, eskandinaviar mitologiari buruzko Espainiako aditurik handienetako bat, elkarrizketatzen dudan bideoa.
Ragnarök
Odin Sleipnir bere zaldian.
Munduaren amaiera iparraldeko gizakientzat Ragnarok bezala ezagutzen zen gertaera bat zen, erabateko suntsipenera eramango zuen azken borroka izugarri bat.
Borroka hau Odin buru duten jainkoek edo Aesirrek eta Surt buru duten suzko erraldoiek egingo dute, Loki buru duten jotunekin batera. Ez dira soilik guztiak hilko, baizik eta unibertsoan ere ia dena suntsituko da.
Bataila honetarako prestatzeko, Valkiriak, bele bihurtzen diren emakume sakratuak, gudu-zelaien gainetik hegan egingo dute borrokan hildako gudari adoretsuenen arimak bildu eta Odinen ondora Valhalla izeneko jauregira eramateko, non azken batailara arte itxarongo duten.
Neguko solstizioko sakrifizioa
Carl Larsson. Neguko solstizioko sakrifizioa (1914-1915).
Stockholmera bidaiatzen badugu, Museo Nazionala bisitatu behar dugu. Han, sartu bezain laster, eskailerak igotzean, Carl Larsson margolariaren mihise erraldoi bat topatuko dugu aurrez aurre. Neguko solstizioko sakrifizioa da. Bertan, ziurrenik mitologikoa den istorio baten kontakizuna dugu, uzta txarreko urteen ondoren gosean eta pobrezian murgilduta dagoen erresuma bati buruz hitz egiten diguna. Horregatik, tribuko buruzagiak bere bizitza jainkoei sakrifikatzea erabakitzen du, oparotasuna bere herrira itzul dadin. Konposizioaren erdiguneari erreparatzen badiogu, erregea larruzko kapa kendu eta biluzik geratzen da. Apaizak, bere aldetik, zerura igotzen du Mjolnir, borreroak bere daga bizkarrean sakrifiziorako prest duen bitartean. Konposizioaren alboetan, sakrifizioaren zain dauden herrixkako estamentuak ikusten dira.
Ez dakigu oso ondo istorio hau nondik datorren. Bere iturrietako bat Adam Bremengoa historialariaren testu bat dela uste da.
Mihise ikusgarria da, ez bakarrik bere dimentsioengatik, baizik eta mundu nordikoko giza sakrifizioei buruz hitz egiten digun istorio izugarri honengatik ere. Suediako hiriburutik bazabiltz, ez utzi artelan hau ikusteko aukerari alde egiten.
Mistérica 11 – Bikingoen ale berezia
Mistérica Ars Secreta aldizkariraren azala, bikingoen inguruko alea.
Mistérica Ars Secreta aldizkarian bikingoen munduari ale bat eskaini genion. Bertan, gai honi buruzko informazio gehiago aurkituko duzu: Valkiriei buruzko artikuluak, berserkerrak, Eskandinaviako jainkoak, Vinlandeko mapa, drakkarak, bikingoak Sevillara iritsi zirenekoa, San Olav-en bidea (lehen santu bikingoa), magia errunikoa, Stockholmeko neguko solstizioaren sakrifizioari buruzko mihise monumentala, baita Vikingsserieko pertsonaien oinarri historikoa ere. Islandiako saga bat ere badugu, Mariano González Campok lehen aldiz gaztelaniara itzulia.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (6 de octubre de 2023). Un poquito de mitología nórdica. El blog de Tartalo. Recuperado 19 de marzo de 2025 de https://doi.org/10.58079/unvy