Itzulpena: Jon Alkorta Martiartu doktorea (EHU/UPV)
Museoen sekretuak
Maiatzaren 18an ospatzen den Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, horrelako erakundeek gordetzen dituzten sekretuez diardungo dugu sarrera honetan. Eduki eta misterioengatik deigarriak diren muesoak bisitatzeaz gain, zenbait pinakoteka ere aipatuko ditugu.
Thyssen sekretua
Matthäus Schwarz Christoph Amberger-en eskutik, 1542.
Madrilgo nire museo gogokoenetako bat Thyssen-Bornemisza Museo Nazionala da. Eta hala da, batez ere, bere mihiseen atzean sekretu bat baino gehiago gordetzen duelako. Bere aretoetan barrena ibiliz gero, karta astral bat eta horoskopo bat aurkituko ditugu, Magdalena biluzi bati besarkaturiko Kristoa edo margolari teofonoen lanak… Bai, badakit hau ez dizula gida batek ere kontatzen, baina hemen uzten dizut “Madrilsekretua” ataleko audio hau, Thyssen Museoko misterio ezkutu horien historia kontatzen duena.
Quintoko Momien Museoa
Quintoko momietako bat. Argazkia: Belén Doblas.
2011n, Aragoiko Quinto herriko elizan eraikitzen hasi zirenetik 1831 arte bertan egindako ehunka ehorzketa aurkitu zituzten.
1.061 dira eraikin enblematiko honen lurrean lurperatu zituzten pertsona dokumentatuak.
Baina bitxiena da, lurraren baldintza klimatologikoengatik eta hezetasunagatik, gorpuzki horietako asko momifikatuta agertu direla. Arduradunen lanari esker, gaur egun leku hau bisitatu eta modu naturalean momifikatutako gorputz hauek ikus ditzakegu, gure herrialdean beste edonon egin ezin den zerbait.
Hemen uzten dizut Belén Doblasek Momien Ikerketa Zientifikoen Institutuko ikertzaile eta presidentea den Mercedes González Fernándezi egindako elkarrizketa, non Quintoko momien sekretu guztiak azaltzen dituen.
Zer egin Valladoliden
Valladolideko Arte Afrikarraren Museoko hiru aurpegidun pieza bat. Argazkia: Pedro Ortega.
Valladoliden inguruetan bazaude, bisitatu ezazu hiriburua. Hemen, ikusi beharreko bi leku gomendatzen dizkizut.
Lehenengoa Arellano Alonso Fundazioaren Arte Afrikarraren Museoa da. Bertan, konjuru magikoak egiteko sortutako piezak daude, eta, esaten denez, irudiek kutxen barruan egindako mugimendu arraroez ohartu dira. Izan ere, berezko jabeek tradizio tribalen arabera ongia edo gaizkia egiteko asmoz “kargatutako” piezak dira hauek. Hemen uzten dizkizut beste bi lotura gai honetaz gehiago jakiteko: museo honi eskainitako Mistérica Radio Secreta programa edo Cristina Bayok Herejía y Belleza aldizkariaren 8. alean idatzitako artikulua.
Eta hemendik oso gertu, aldi baterako erakusketa bat egin zen Eskulturaren Museo Nazionalean, “Debozio arraroa. Erlikiak eta erlikia-ontziak “. Izenak adierazten duen bezala, kristautasunarentzat sendatzeko edo mirarizko ahalmena duten hamaika objekturen erakusketa zen. Beraz, sineskeria eta magia ez dira afrikar mundukoak bakarrik…
Martin Bodmer Liburutegi eta Museoa
Martin Bodmer Liburutegiko liburu ilustratu bat. Argazkia: Pedro Ortega.
Espainiatik irten eta Colignyraino goaz orain, Geneva hiriarekin muga egiten duen herrixka bateraino, Leman aintziraren ondoan. Herri hau Villa Diodati ospetsua han dagoelako da ezaguna, hain zuzen ere Mary Shelleyk Frankenstein idatzi zuen etxea.
Baina goazen herri txiki honetako beste mugarri batera: Martin Bodmer Liburutegi eta Museoa, UNESCOk 2015ean Munduaren Memoria izendatu zuena.
Bilduma nagusia mendebaldeko 200 eskuizkribu eta ekialdeko 100 inguruk osatzen dute, 2.000 inguru dokumentu autografo eta 270 inkunable (horietatik hamarren bat oso arraroak eta bakarrak dira). Honetaz gain, inprimatutako lan arraroak ere badira, XVI. mendetik XX. mendera bitarteko milaka edizio original.
Maisulan horien artean daude Hildakoen liburu egiptoarraren zenbait kopia, Danteren corpusa XIV. mendeko Jainkotiar Komediaren hiru eskuizkriburekin, Virgilio eta Akinoko Santo Tomasen lanen eskuizkribuak eta Goetheren Faustoren bigarren zatia, egileak eskuz idatzitako 400 bertsorekin.
Liburutegi honetako funtsak formatu digitalean kontsultatu nahi dituzuenontzat, digitalizatzeko bi proiektu daude martxan eta webgune hauetan kontsulta ditzakezue:
https://www.e-codices.unifr.ch/en
Museum Secrets
Aste honetako azken gomendioa serie interesgarri bat da, Amazon plataforman ikusgai dagoen Museum Secrets izenekoa, alegia.
Kapitulu bakoitzean, bere museoengatik nabarmentzekoa den hiri garrantzitsu batera hurbiltzen da seriea. Horrela, Erromara, Parisera, Londresera, Florentziara, Berlinera, Atenasera, Istanbulera eta Mexiko Hirira bidaiatuko dugu, besteak beste.
Egia esan, telesailean azaltzen diren sekretu horietako batzuk tentuz hartu beharrekoak dira, baina, oro har, ematen duten informazioa nahiko interesgarria da.
Telesailak hiru denboraldi ditu eta, azkenekoan, Madrilekin lotutako gaiak jorratzen dituzte.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (3 de noviembre de 2023). Los secretos de los museos. El blog de Tartalo. Recuperado 19 de marzo de 2025 de https://doi.org/10.58079/unvz