Itzulpena: Jon Alkorta Martiartu doktorea (EHU/UPV)
Nortzuk izan ziren druidak?
Baliteke druidei buruz burura datorkigun lehen irudia Asterix eta Obelixen komikiarena izatea, Frantziako herrixka batean, beren edabeak marmita batean prestatzen zituen harena. Funtsean, druida zenaren ideia ez doa errealitatetik edo, behintzat, haietaz dakigunetik hain desbideratua.
Druida kultura zeltaren barruan tribu edo herri bateko aztiak jasotzen zuen izena dela esan dezakegu. Baina beraiei buruz dakiguna ez da asko eta horrek, Erromantizismo garaian batez ere, irudi honen mitifikazioa ahalbidetu du.
Sarrera honetan arlo honi buruz asko dakitenen berri emango dizut, kalitate handiko argitalpen eta artikuluen bidez.
Druiden irudikapena viktoriar margolaritzan.
Druiden inguruko lehen aipamenak
“Druida” hitza hizkuntza zeltikotik dator eta “haritza ezagutzen duena” esan ahal luke. Hau da, sakratuarekin kontaktua duena, haritza zelten mundu magikoarekiko lotura elementua izan baitaiteke.
Beraiei buruz dakiguna gutxi da, eta hau, gehienbat, inperioaren mugez bestaldean haiekin bizi izan zen erromatar ondaretik datorkigu. Sendalari edo igarleak izateaz gain, goi-mailako kasta ere baziren, aristokraziaren ondokoa.
Aipatu behar dugun lehen iturria Julio Zesar da, Galietako Gerrak lanean pertsonaia horien ikuspegi militarra ematen digu eta. Hain garrantzitsua izan zen testu hori, ezen Napoleonek berak formakuntza taktikoaren zati gisa irakurri eta oharrak hartu baitzituen. Bonapartek erabilitako testu hori esteka honetan kontsulta dezakegu, modu irekian.
Julio Zesar.
Julio Zesarren ondoren, badira, nahiz eta ez berak bezain modu zehatzean, druidak aipatzen dituzten beste kronikari klasiko batzuk. Marko Tulio Zizeron, Zesarren garaikidea, aipa dezakegu, heduoen tribuko kide zen Dibikiako izeneko druida galiar bat ezagutu zuela aipatu zuena. Diodoro Sikulok k.a. 36. urtean bere Bibliotheca historicae liburuan aipatu zituen eta filosofo eta teologotzat hartu. Eta Tazito historialariak ere hitz egin zuen druidei buruz, Britainia Handian ere bizi zirela aipatzen lehena izan zelarik. Aurreko kronikariek ez bezala, Tazitok barbarotzat zituen gizon horiek, ezagutzatik urrun.
Ez ditugu ahaztu behar, aldi berean, guregana iritsi diren iturri zeltak. Mitoak eta kondairak dira nagusiki, zelten mundu sakratura sarrera izan daitezkeenak. Hauetatik druiden papera ondoriozta dezakegu. Irlandar mitologiaren barruan, ziklo Mitologiko eta Historikoaz gain, Ulsterrekoa eta Feniana aipa ditzakegu. Hauei galestar mitologiakoak gehitu behar zaizkie. Kondaiara hauek sakon ezagutu nahi baditugu, Ramón Sainero irakaslea aipatu behar dugu, Los grandes mitos celtas edo Leyendas celtas en la literatura irlandesa bezalako lan gomendagarriak argitaratu dituena.
Aipa dezakegun beste testu bat T.W. Rolleston-en Celtic Myths and Legends da. Hemen liburu honen iruzkinbat.
Druiden inguruko monografiak
Iturri klasikoak eta zeltak sakon aztertu dituzte druiden munduko adituek. Gaztelaniazko bi erreferentzia aipatu eta gomendatu nahi ditut orain.
Lehena Christian-J. Guyonvarc’h eta Françoise Le Roux-ren Los druidas da. 2009an argitaratu zuen gaztelaniaz Abada Editores-ek. Hauen azterketa eremu filologikotik dator, non apaiz kasta honen ikerketa testu ezberdinen itzulpenean eta interpretazioan oinarritzen den.
Bestalde, Miranda J. Green ikertzaile ospetsuaren El mundo de los druidas izeneko liburukia arkeologian eta arteetan oinarrituagoa dago. Haren argitalpena eta itzulpena beste argitaletxe handi batek egin zuen 2010ean, Akalek, alegia. Liburu honek ziklo klasiko zeltikoak bezalako literatur iturriak aurkikuntza arkeologikoen irudiekin osatzen ditu, eta, pertsonalki, lehenengo lanak baino gehiago erakartzen nau, nahiz eta uste dudan bi liburukiak guztiz osagarriak direla.
Druidak beldurrezko zineman
Gure herrialdeko beldurrezko zineman aditu handienetakoa den Jesus Palaciosi esker, Folk Horror izeneko liburu bat dugu, berak koordinatua. Liburu horretan, Europako antzinako tradizioetako pertsonaia mitikoak beldurraren ikuspegitik jorratzen dituzten zenbait film biltzen dira. Aipa dezakegun filmetako bat, druiden gaiari lotua, The Wicker Man da, zeinaren lehen bertsioa Filmin-en dagoen ikusgai. Honetaz gain, hemen duzue Mistérica Radio Secreta saiorako esteka bat, non Belen Doblasek Jesús Palaciosi egindako elkarrizketan gai honi arreta handiz heltzen dioten.
Azken gomendioak
Hona hemen doan bisitatu ahal diren kalitatezko baliabide batzuk:
- Metropolitan Museum-eko Treasures of Early Irish Art
- “Druidas y Dryades en la Sociedad celta”, Arturo Sánchez Sanzen artikulua.
- “Druidas: del mito al hombre”, Israel Quevedo Puchalen artikulua.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (3 de noviembre de 2023). ¿Quiénes fueron los druidas? El blog de Tartalo. Recuperado 19 de marzo de 2025 de https://doi.org/10.58079/unw0