Itzulpena: Jon Alkorta Martiartu doktorea
Vlad Tepes-en erretratua
Historiako gizon odoltsuena
Gaur ziur aski ezaguna zaizun koadro bati buruz hitz egin nahi dizut. “Paldoztatzailea” bezala ezaguna den Vlad III.a Draculea Valakiako (Errumaniako hegoaldean dagoen eta XIX. mendera arte nazio bat izan zen eskualde bat) printzearen erretraturik ospetsuena hain zuzen ere. Bram Stoker idazle irlandarra bere Drakulaezagunaren istorioa sortzeko bere figuraz baliatu zen eta orduan hartu zuen ospea.
Pertsonaia hau ulertzeko, bere testuinguru historikoa azpimarratzea garrantzitsua da. Balkanetan gaude, XV. mendean: Otomandar Inperioa Europako hego-mendebaldetik hedatzen ari zen eta Grezia, Serbia eta Bulgaria menderatuak zituen. Otomandarren aurrean Hungariako erresuma eta Errumaniako printzerriak zeuden, Valakia, Moldavia eta Transilvania.
Vlad Sighisoaran jaio zen, Transilvanian, 1431n, bere aita Vlad II.a Dracul, Valakiako Erregea, leku honetan erbesteratua zegoenean. Orduztik, Vlad III.ak hainbat egoera bizi izan zituen. Bere gaztaroan Valakiako erresuma kontrolatu nahi zuten turkiarrek bahitu zuten. Hala ere, bere aita Hungariako Erregearen aginduz hil zutenean, turkiarrek babestu zuten Valakiako errege izateko. Denbora labur batez errege izan zen eta laster erbestera itzuli zen. 1456an tronura itzuli zen eta hemen hasi zen bere legenda beldurgarria.
Kristau aldera igaro eta turkiarren aurkako gurutzada hasi zuen orduan. 1462ko kanpainan, Vladek Danubio ibaia zeharkatu zuen Hungarian zeuden otomandarrak arpilatzeko asmoz. Garaipena lortu ostean, belarri, sudur eta buruz betetako bi zaku bidali zizkion Hungariako erregeari, gutun batekin batera, guztira 23.884 turkiar eta bulgariar hil zituela esanez, beraien etxeetan erre zituztenak zenbatu gabe.
“Jainko Ahalguztidunak Kristandadearen otoitzak eta erreguak entzuten baditu, bere zerbitzari errukitsuen erreguak faboratzen baditu, garaipena emango digu Gurutzearen etsai diren fedegabeen aurrean.”
Vladek gurutzatu bat bezala ikusten zuen bere burua. Elezaharrak printze torturazale eta heriotza geldoaren zale gisa aurkezten du, bere biktimen odola edanez edo ogia bustiz afaltzen zuena. Bere hiru gobernu-aldietan, zazpi urte besterik iraun ez zutenak, 100.000 pertsona inguru exekutatu zituen, gehienetan paldoan sartuz. Hortik datorkio Vlad Tepes ezizena, Vlad “Paldoztatzailea” esan nahi duena.
Bere aitak Vlad Dracul zuen izena eta berak Vlad Draculea. “Dracul” terminoak “dragoia” eta “Draculea” hitzak “dragoia semea” esan nahi dute. Izan ere, bere aita Dragoiaren Ordenakoa izan zen, zeinak gaur egun bizirik dirauen (bere egoitzetako bat Zagreben dago, Kroaziako hiriburuan). Hala ere, Draculea ezizena, sortutako beldurrezko erresumagatik, “Deabruaren Seme” bezala ere itzul liteke.
Begiratu diezaiogun orain erretratuari:
Begi marroiko, sudur akilinazko eta bibote lodiko pertsonaia baten bustoa da, ile urdin batzuk dituen adats gaztainkara luzekoa. Beraz, heldutasun-erretratu bat izango litzateke. Sorbaldetan larruzko mantoi moduko bat darama, urrezko botoiak dituen zetazko alkandora gorria ikusten uzten duena. Buruan, Valakiako printzeen ohiko buruko bat darama. Bertan, luxuzko aurrealdeko gandor bat nabarmentzen da, oinarri gisa zortzi puntako izar bat duena, erdian zazpi perla txikiz inguratutako errubi batekin. Izarrak eta lorratzak kometa bat sinboliza lezakete. Hain zuzen ere, 1456an Halley kometa bistaratu zen eta, beraz, lorratza bere erregealdi ankerrenaren hasieraren sinbolo bezala har daiteke. Kometaren pasabidea valakiar moneta berri baten igorpenarekin ere gogoratu zen, 0,8 gramoko zilarrezko ban batekin alegia, zeinaren aurrealdean gurutze bat zeraman arrano bat zuen kasket bat ageri zen, eta atzekaldean buztan luzeko izar bat.
Hala ere, adituek zalantzan jartzen dute erretratu hau benetan Vlad III.arena ote den, eta, aldiz, bere aita Vlad II.a izan daitekeela uste dute.
Lehenik eta behin, badakigu Vlad Tepes hil eta ehun bat urtera margotu zutela eta sute batean galdu zen erretratu baten kopia izan daitekeela. Austriako Fernando II.a Artxidukearen bilduman pertsonaia ospetsuen galeria batean egon zen, militarrak hauetako asko. Jakina da honek deabrukeriarekiko zuen zaletasuna, eta baliteke horregatik Vlad Tepesen erretratu bat ere eduki nahi izatea bere bilduman.
Baina bilduma honen inbentarioek “printze valakiar” bat dela adierazten dute soilik, bere nortasuna argitu gabe. Zalantza hau bera sortzen da Vlad II.a Aita irudikatzen duten koadro eta grabatu batzuk ikustean, honen oso antzekoak baitira.
Bere urrezko botoi bati erreparatzen badiogu, “S.T.” jartzen duen inskripzio bat dago. Oraindik deszifratu gabe dago baina erretratatua nor den jakiteko gakoa izan liteke. Honetaz gain, behealdean zerrenda zuri bat ageri da eta bertan egon beharko luke idatzirik erretratatuaren izenak, baina ez dago ezer.
Margolana Vienako Kunsthistorisches Museum-en dago, Fernando II.a Artxidukearen bildumatik heredatua. Beraz, ez izan zalantzarik museo hau bisitatzeko Vienara bidaiatzen baduzu.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (5 de diciembre de 2023). El retrato de Vlad Tepes. El blog de Tartalo. Recuperado 20 de enero de 2025 de https://doi.org/10.58079/unw2