Itzulpena: Jon Alkorta Martiartu doktorea (EHU/UPV)
Pintura astrologikoak Schifanoia Jauregian
Igarpena Ferrararen bihotzean
Mantegnako Tarotak bere garaian izan zuen garrantziaren erakusle grabatu sorta honek Ferrarako Schifanoia Jauregiko ziklo piktorikoaren sorreran izan zuen eragina da. Bide honetan metodo ikonologikoaren sortzaile den Aby Warburg-ek lagunduko digu, zeina antzekotasun formaletatik haratago, Mantegnako piloan eta osagai astrologiko sendoko ‘Hilabeteen aretoa’ izenekoan agertzen diren jainko olinpikoen presentziaz jabetu zen.
Begiratu diezaiogu lehenik apur batez historiari. Ferrarako gobernadore zen d ‘Este familiaren gortean magia eta igarkizuna oso presente zeuden. Borso d’Estek, areto hau pintatzeko agindua eman zuenak, aholkulari talde oso bat zuen erabakiak hartzen laguntzeko. Besteak beste, honako hauek zituen bere inguruan: Petro Bono Avogaro gorteko astrologoa urteroko iragarpenak egiteko; Carlo da Sangiorgio geomantea erabakiak hartzeko kontsultetarako; eta, azkenik, Pelligrini Prisciano liburuzain eta historialaria. Warburgen esanetan, azken hau izan zen astrologia-aretoaren benetako ideologoa. Dekorazioaren manufaktura aldiz, Francesco del Cossa margolariak egin zuen.
Hasiera batean, areto honek hamabi panel bertikal zituen, bakoitza jainko eta Zodiakoko zeinuei lotuta. Zoritxarrez, horietako zazpi bakarrik kontserbatu dira. Egitura antzekoa da horma bakoitzean, horizontalki hiru zati berdinetan banatuta baitaude. Goikoan, jainko klasikoen bizitza eta ibilerak daude irudikatuta, jainko nagusi batekin eta honi dagokion Zodiakoko zeinuarekin: Palas eta Aries martxoan, Venus eta Tauro apirilean, Apolo eta Geminis maiatzean, Merkurio eta Cancer ekainean, Jupiter-Cibeles eta Leo uztailean, Zeres eta Virgo abuztuan, eta, azkenik, Vulcano eta Libra irailean.
Erdiko zatian, dagokion zodiako-zeinua irudikatzen da eta, horren azpian, tradizio astrologikoan horietako bakoitza banatzen duten hiru dekanoak. Hemen, zalantza asko sortu dituen eremu batean sartzen gara, ez baitago iturri argirik Schifanoia Jauregiko dekanoak irudikatzeko modua argituko digunik. Teoria batzuen arabera, dekano horiek horoskopoaren zeinuen alderantzizko zentzuari jarrai diezaiokete, eta horrek zaildu egingo luke haien interpretazioa. Elementu horrek, jakina, aretoa asmatu zuen pentsalariaren erudizio handi bati buruz hitz egiten digu; izan ere, mitologia klasikoa eta astrologia sakon ezagutzeaz gain, oraindik identifikatu gabeko iturrietarako sarbidea izan behar zuen zeinu bakoitzari hiru dekano esleitu ahal izateko.
Azkenik, behealdean, Borso d’Este printzeak Ferrarako errege moduan izandako garaipenak eta egindako balentriak irudikatzeko agindua eman zuen.
Aby Warburgek proposatutako Mantegnako Tarot-arekiko lotura horretaz gain, bibliografia-oharrek Ferraran egon ei ziren tarot-karten piloei buruz hitz egiten digute. Dirudienez, hauek Visconti tarotak baino lehenagoak lirateke, nahiz eta azken hauek diren kontserbatzen ditugun zaharrenak. Ferraratik kontserbatzen direnak geroagokoak dira, baina hastapenetako tarotaren adibide ere badira.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (5 de abril de 2024). Pinturas astrológicas en el Palacio Schifanoia. El blog de Tartalo. Recuperado 19 de marzo de 2025 de https://doi.org/10.58079/w66z