Itzulpena: Jon Alkorta Martiartu doktorea (EHU/UPV)
Joana Arc-ekoa: mende amaierako ikurra
Frantziako historian pertsonaia bat nabarmentzen bada, bere naturaz gaindiko irudipenak eta bidegabeko heriotza kontutan hartuta, hori, dudarik gabe, Joana Arc-ekoa da. Sarrera honetan Frantzian XIX. mendean santu honen irudiaren inguruan eman zen errekuperaketa prozesuari buruz hitz egingo dugu.
Heroietik martirira
Joana Arc-ekoa, Orleans-eko Dontzeila bezala ere ezagutua, 1412an jaio zen Domrémy-n eta eta Erruanen hil 1431ean. Diotenez, San Miguel Arkanjeluaren, Santa Margaritaren eta Alexandriako Katalinaren irudipenak izan zituen. Hauek Karlos VII. Frantziako erregea laguntzeko eta herrialdea Ehun Urteetako Gerraren ondorio zen inglesen jabetzatik askatzeko giltzarri izan ziren.
Baina berari esker lortutako garaipena zorigaitz bihurtu zen. 1430an ingelesen aliatu ziren noble frantses batzuek atzeman, ingelesen esku utzi eta, azkenik, Pierre Cauchon apezpikuak prozesatu zuen. Tragedia gertu zen. Errudun deklaratu zuten eta Joan Bedford-eko dukeak sutzarrean erre zuen Erruanen 1431ko maiatzaren 30ean, 19 urte besterik ez zituela.
Amaiera lazgarria
XIX. mendeko frantziar historialari Jules Michelet-ek idatzi zuen nolakoa izan zen Joana Arc-ekoaren epaiketa Inkisizioaren partetik. Nahiz eta hasiera batean magia leporatu zioten, indar gehien izan zuena heresia izan zen. Itaundua izan zen, baina inoiz ez torturatua. Ingelesek frantziarrak estutu zituzten Joana heriotzara kondenatua izan zedin, eta, azkenik, hasieratik erabakia zegoen epaiketa baten ostean, sutzarrera kondenatu zuten. Lekuko baten hitzetan, sugarrak bere gorputzean gora eta bera beste mundura zihoan bitartean, bere santuei eta arkanjeluari laguntza eskatzen eta Salbatzailearen izena behin eta berriro errepikatzen entzun zuten, azken arnaserarte (Jules Michelet).
Hemen aurkitu dezakezu Micheleten testua.
Joana Arc-ekoaren irudia mende amaierako Frantzian
XIX. mendean zehar Joana Arc-ekoaren irudiak biderkatu egin ziren Frantzian eta aberriaren ikur gisa hartu zuten. Horrela, bizitzako aro ezberdinetan irudikatu zuten: iluminazioan, gudan, garaile moduan, epaitua izaten eta sutzarrean erretzen. Hau irudikatzen duten margo eta eskultura andana dugu Ingres, Henri Revoll, Paul Delaroche Adolphe-Alexandre Dillens, Emmanuel Frémiet, Paul Dubois edo Henri Chapu bezalako artisten eskutik. Aipatzekoa da, esaterako, Paul Gaugin-ek 1889an egindako interpretazioa. Frantziatik kanpo, britainiar Prerrafaelitek egin zuten bere Joanaren figura, esaterako, Millais, Rossetti, Annie Louisa Swynnerton, William Blake Richmond edo Frank Dicksee bezalako artistek.
Frank DuMond. Personal Recollections of Joan of Arc lanaren azala. 1896.
Joana Arc-ekoak santu martiriaren paradigma ere irudikatzen du, hau da, heriotzarekiko garaipenarena. Honetaz gain, virgo fortis ere bada, hots, ezaugarri femenino eta maskulinoak dituen emakume gerlaria. Mende amaierako ikonografiak Orleanseko Dontzeila korazarekin gerlari moduan, eta ile gorri luzeaz dontzeila moduan irudikatu zuen. Nolabait, mende amaierako androginoaren nahasketa arrakastatsu moduko bat da. Atzerrian ere abestuko da figura honen inguruan. Hain zuzen ere, Mark Twain iparramerikarrak pertsonaia hau hartzen du bere Personal Recollections of Joan of Arc, by the Sieur Louise de Conte lanean. Lan hau serie moduan argitaratu zen lehenik Harper Magazine aldizkarian 1895ean, eta ondoren liburu bezala 1896an. Lan hau eskuizkribu zahar baten itzulpen bezala aurkezten zaigu, non balizko Louis Conte batek Joanaren bizitzako hiru gertaera garrantzitsu kontatzen dizkigun lehen pertsonan: Domrémyn igarotako gaztaroa, Karlos VII.aren agindupean soldadu ibilitako garaia eta Erruanen jasandako epaiketa inkisitoriala. Liburuaren 1896eko bertsio irudiztatuan Frank DuMond-ek diseinatutako Jeanne D’Arc Martyr azala benetan aipagarria da, sinbolismoz betea da eta. Bertan Joana, soinean tunika zuri bat duela, zutabe bati loturik irudikatzen da sutzar inkisitorialaren gainean. Bere aurpegi ederrean begirada galdua somatzen zaio, aurrean agertu zaion gurutzeari begiratzen dioelarik. Atzekaldean Erruaneko Katedrala ikus dezakegu eta baita prelatu bat ere, bertaratuen aurrean heriotza zigorra aldarrikatzen duena. Irudiaren albo banatan bi ezpata daude, Joanak Frantziaren alde egindako borrokaren seinale, eta goikaldeko izkinetan alboetan kokatutako santu baten eta Ama Birjinaren grisaille eskulturen jarraipena diruditen harrizko bi gurutze gotiko. Guztiaren gainean, “JEAN D’ARC MARTYR” leloa.
Octave Denis Victor Guillonnet. Jeanne d’Arc Frantz Funck-Brentano-ren liburuaren azala. 1912.
Ildo honetan, bada pertsonaia honen inguruko beste liburu interesgarri bat. Hau Frantz Funck-Bertano-k idatzi zuen 1912an, eta besteengandik bereizten duena Octave Denis Victor Guillonnet-ek sortutako azal harrigarria da. Bertan Joana Arc-ekoa agertzen da, gurutziltzatua. Dontzeilak armadura bat du soinean, eta nahiz eta ile motza izan, forma femeninoak ditu. Besoak irekita ditu, gurutziltzatutako jarreran. Modu leun batean, atzealde oriaren gainean, zitori horiz egindako gurutze bat ikus daiteke. Alegoria honen bitartez, Joana Arc-ekoaren martirio sublimea adierazten da, eta, bere santutasunarekin ez ezik, Kristo beraren irudiarekin lotzen zaio zuzenean.
Gomendio bat
Joana Arc-ekoaren pasioa-ko fotograma.
Pertsonaia honi buruz egindako film oberena, dudarik gabe, Carl Theodor Dreyer daniarraren Joana Arc-ekoaren pasioa da, 1928koa. Filma Joanaren aurkako epaiketan zentratzen da eta Maria Falconetti-k lan ederra egiten du protagonista moduan. Filmin-en dago ikusgai.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (3 de mayo de 2024). Juana de Arco, un icono del fin de siglo. El blog de Tartalo. Recuperado 19 de marzo de 2025 de https://doi.org/10.58079/10swd