Digital resources in the Social Sciences and Humanities OpenEdition Our platforms OpenEdition Books OpenEdition Journals Hypotheses Calenda Libraries OpenEdition Freemium Follow us

La mujer y la magia en el imaginario victoriano

Itzulpena: Naiara Hernández Cortés

Emakumea eta magia viktoriar iruditerian

Viktoriar pinturaren ikonoetako bat gaizkiari lotutako emakumea da, XIX. mendeko gizarte ingeles misoginoaren fruitua. Garai hartako literatura-kontakizun askoren protagonista izan ziren sorginak eta baita margolari askoren musak ere, beraz, artikulu honetan haien eta magiari lotutako gainerako pertsonaien inguruan arituko gara. Margolari haiek femme fatale-aren irudiarekin lotzen zituzten sorginak, eta baita era berean irudikatu ere.

Frank Bernard Dicksee. Kristal magikoa, 1894.

1848an, margolari talde txiki bat sortu zen Londresen britainiar pintura berritzeko asmoarekin. Hauek Anaitasun Prerrafaelista izena jarri zioten taldeari. Taldekideen artean John Everett Millais, Dante Gabriel Rossetti eta William Holman Hunt aipatu behar ditugu. Hirurak izan ziren mugimendu artistiko honen muina, XIX. mendearen bigarren erdialdean Ingalaterran zehar hedatu zena eta viktoriar arte piktorikoaren bilakaera markatu zuena.

Haien pinturari «prerrafaelista» izena jarri zioten, beraien lehen asmoa Rafaelen aurretik egindako arteari begiratzea izan zelako, hau da, Giottotik hasi eta Botticelliraino. Anaitasuna laster desegin zen, baina bere estiloa eta idealak britainiar pintura akademikoan ere sartu ziren, honen aurka matxinatu baitziren hasiera batean.

Azpimarratzekoa da viktoriar pinturaren ezaugarria izan zena: bere margolanen gaia literatura-iturrietatik zetorren gehienbat. Dante Gabriel Rossettiren aforismo batean azaltzen da hori: «Margolanik zintzoena poema margotu bat da». Hala da, garai honetako pintura-lanak benetako poemak, elezaharrak edo oihalera eramandako liburu-pasarteak dira.

Landutako gaiak Bibliako kontakizunei edo Shakespeareren pasarteei buruzkoak izan ohi badira ere, viktoriarrek mitoekin, kondairekin eta — hemen nabarmentzen den bezala — magiarekin lotutako gai bereziagoei ere zuzendu zieten begirada. Ofizialki tabutzat hartzen zen gaiak, tabu izateari uzten zion historiarekin edo mitologiarekin lotuta bazegoen. Bestalde, antzinako eta naturaz gaindiko jakintza horren eramailea zorigaiztoko emakumea izan zitekeen, viktoriar pinturaren ikono handienetako bat.

Pertsonaia mitologikoak

Evelyn De Morgan. Casandra, 1898.

Mistérica Ars Secreta aldizkariaren lehen zenbakiak John William Waterhouse margolariari eskaintzen zion bere azala, eta mundu okultistarekin izan zezakeen lotura aztertzen genuen. Zalantzarik gabe, artista hori izan beharko litzateke zerrendako lehena magikoarekin lotutako emakumeak irudikatzeko orduan. Hala ere, aldizkarian artikulu bat eskaini diogulako, magiarekin zerikusia duten viktoriar artearen munduko beste autore eta motibo batzuk aztertuko ditugu orain.

Lehenik eta behin, Evelyn De Morgan (1855-1919) margolaria aipatuko dugu. Haren ekoizpenean mitologia ugari dago. Medeak alderdi magikoekin zerikusia duen lehen emakumea erretratatzen du. Greziar mitologiak Eetesen alaba zela zioen, Kolkidako erregea, baina bere ama Idia ninfa edo Hekate jainkosa izan zitekeen, iturri ezberdinen arabera. Gainera, Zirze azti greko handiaren iloba zen, zeinarengandik, diotenez, edabeak eta gaiztakeriak ikasi baitzituen.

“[Medea] Zirze azti greziarraren iloba zen; esaten denez, hari edabeak eta gaiztakeriak ikasi zizkion”.

Medearen bidaiaren pasarterik ezagunena Jasonekin zuen harremana da. Jason urrezko ahariaren bila iritsi zen bere erreinura, eta proba batzuei egin behar izan zien aurre, ia ezinezkoak zirenak. Hemen sartu zen jokoan Medea. Erosen gezi batekin maiteminduta, bere helburua lortzeko edabeak eman zizkion. Frogak gaindituta, Eetes erregeak uko egin zion altxorra Jasoni emateari. Orduan, Medeak, bere magiaz baliatuz, heroia ahari-orratzeraino eraman zuen, zeina sekula lorik egiten ez zuen begirada hipnotikoko suge batek zaintzen zuen. Altxorra eskuratuta, biek batera ihes egin zuten.

Bere istorioa gorabeheraz beteta dago, baina, zalantzarik gabe, Euripidesek Medea tragedian kontatzen diguna da pasarterik ikaragarriena. Zorigaizto gogorrenak Jasonek emaztea, Glaucarekin, Kreonte erregearen alabarekin, ezkontzeko anbizioagatik uzten duenean gertatzen dira. Medeak bere magia erabiltzen du Glaukaren aurka eta mantu magiko batez erretzen du. Gero bere haurrak erailtzen ditu, aitak erbesteratzearen lotsaren menpe jar ez ditzan.

Ez dakigu ziur De Morganek pertsonaiaren bizitzako zer pasarte erakutsi nahi duen, greziar estiloko gangadun barnealde batean kokatzen baitu, eskuan iragazki bat duela. Agian, emakume gaiztoaren (azken infaustoa) arketipoaren irudikapen bat baino ez da, sorginkeriaren munduarekin lotua.

Margolari honen obraren artean igartzeko dohaina duen emakume bat ere aurkitzen dugu, greziar mitologiatik datorrena. Oraingo honetan Cassandra da, eta iturria Euripidesen tragedia bat da, Orestes. Heroina, Troiako erregeen alaba, Hekuba eta Priamo, Apoloren apaiza zen. Jainko honek tentatu zuen eta sedukzioari amore ematea hitzartu zuen, profeziaren dohainaren truke. Apolok tratua bete zuen, baina Casandrak uko egin zion. Jainkoaren haserreak madarikatzera eraman zuen, ahoan tu eginez. Horrela, bere profezietan asmatuko balu ere, inork ez luke sinetsiko. Horixe izan zen Troiako zaldiaren gainean egin zuen iragarpenaren kasua, inork sinetsi ez zuelako erreinua suntsitu zuena. Pasarte hau Evelyn De Morganek bere oihalean irudikatzen duena da, non Casandra sutan dagoen hiriaren aurrean agertzen den.

John Collier. Delfosko apaiza, 1891.

John Collier (1850-1934), batez ere, oso garrantzitsuak diren bi lanengatik da ezaguna: Lady Godiva (1898) eta Lilith (1892). Hala ere, horiek alde batera utzita, artista berdinaren beste lan batean zentratuko gara, Delfosko Apaiza (1891), izen bereko orakulura garamatzana, geroari buruzko iragarpenak lortzera joaten zen mundu grekoaren erromesaldi gune handira. Prozedura honako hau zen: kontsultagileak Apolori galdetzen zion bere etorkizunari buruz, eta mezua Pitiari helarazten zitzaion, Delfosko tenpluko lehen apaiz birjinari (harengandik dator «pitonisa» hitza). Bera haitzulo sakratuan sartzen zen, tripode batean esertzen zen, “gogo iturri” izenekotik edaten zuen eta haitzulotik ateratzen ziren lurrunak xurgatzen zituen. Orduan trantzean sartzen zen eta jainkoak bilatutako erantzuna azaltzen zion. Birjinak ematen zuen «itzulpena» nahasia eta enigmatikoa zen, beraz, interpretatu egin behar zen. Trantzearen unea Collierrek bere obran islatzen duena da.

Magia ziklo arturikoan

Imaginario arturikoa pintura viktoriarraren beste inspirazio-iturri handietako bat da. Emakume madarikatuz josita dago: tentagarriak, sorginak, ninfa gaiztoak, etab. Morgana, Vivien eta Perceval tentatu zuen izpirituaz arduratzen gara hemen.

Morgana Arturo erregearen arrebaorde eta Avaloneko erregina zen. Zalantzarik gabe, ziklo mitiko honetako sorginik gaiztoena da. Merlinek bere botereak Arthur erregea babesteko erabiltzen zituen bitartean, Merlinen kontrapuntu gisa jokatzen zuen, bere konjuruak erabilezin egiten zituelako, monarkari kalte egiten ziolako eta bere erresumaren erorketa errazten zuelako.

Gai hori aukeratu zuen Frederick Sandysek (1829-1904) prestaketa-marrazki baterako eta Morgana, Arthurren aurkako, konjuru bat prestatzen irudikatzen duen mihise baterako. Sorgina bere kobazuloan dago eta malefizio bat bota nahi du erregearentzako mantu baten gainera, honek bere sorbaldetan jarri eta horrela akabatu ahal izateko. Planak huts egin zuen, baina Morganak anaiordea kaltetu nahian jarraitu zuen, eta ez zen gelditu zoritxarrean erori zen arte.

Frederick Sandys. Vivien, 1863.

Sandysek sorgin arturikoaren gaia jorratzen du berriro Vivien (1863) mihisean. Protagonista emakume gaizto bat da, Merlin limurtu zuena magiaren arteak irakats ziezazkion. Behin bere arao guztiak ikasita, aztiari eraso eta ihes egin zuen.

Artistak edertasunaren eta gaiztakeriaren batasuna erakusten digu bere obran. Luxusko lepoko bat, anbar-belarritakoak eta urrez brodaturiko soineko bat dituen aztia irudikatzen da. Bere atzean, indioilar luma sorta bat. Sandysek femme fatale-aren ikonoa jasotzen du horrela, gizona luxuaren eta edertasunaren bidez galbidera eramateko gai dena. Bi elementu alegoriko dira gertaera honen euskarri: sagarra, tentazioaren sinboloa, eta arrosa zimela, bihotzean maitasunaren heriotza irudikatzen duena.

“Justu [Perceval-ek] iragazkia edatera doanean, sedukzioak jota, bere ezpata lurrean iltzatuta ikusten du. Honek Kristoren gurutzearen forma gogorarazten dio eta une horretan arriskuaren kontzientzia hartzen du. Horrela harpiari aurka egiten dio eta atsekabe honetatik garaile ateratzen da “

Arthur Hacker. Sir Percevalen tentazioa, 1894.

Ziklo arturikoko azken geldialdiak Percevaleraino garamatza, Grial Santua bilatzeko mandatua duen Mahai Biribileko zaldunarengana. Gaizkiaren indarrak garaitu eta bere helburu sakratua lortu behar duen gizon zuzen eta kristauaren prototipoa da. Bere bidaian, emakume-deabru batekin egiten du topo, eta hura seduzitzen saiatuko da. Arthur Hackerrek (1858-1919) pasarte hau hartu zuen Sir Percevalen tentazioa (1894) oihalerako. Margolariak deabruak zaldunari edabe bat eskaintzen dion eszena erakusten du. Percevalek, sedukzioak jota, iragazkia edatera doanean, bere ezpata ikusten du lurrean iltzaturik. Honek Kristoren gurutzearen forma gogorarazten dio eta une horretan arriskuaren kontzientzia hartzen du. Horrela aurpegia baztertzen du eta nahigabe honetatik garaile ateratzen da.

Sorgin literarioak

Henry Arthur Paine. Itsaso sorgindua, 1899.

Britainiar letrek botere magikoak dituzten emakumeen irudikapenak ere iradoki dituzte. Henry Arthur Paine (1868-1940) margolaria bereziki zaletua izan zen, Sorgina (1898, gaur egun desagertua) edo Ondina (1890) bezalako mihiseetan hainbat aldiz landu zuena. Jarraian aipatuko dugun lana Itsaso sorgindua (1899) da.

Margolan hau George Meredithen The Shaving of Shagpat (1856) liburuan oinarritzen da. Bere pasarteetako batean, Shibli bizarginak eta bere belatz hiztunak Oolb erregearen alabaren bila joan behar dute, zeinak itsaso sorginduaren lilia zaintzen duen. Istorioaren protagonistak printzesaren geletara iristea lortzen du, baina, bere presentzia ikusita, itsasoz ihes egiten du maskor baten gainean nabigatuz. Bidaian zehar, parean aurkitzen dituen marinelak sorgintzen ditu. Paine-en margolana elementu horiez beteta dago: sorgina, maskorraren gainean, konposizioaren erdigunean dago; haren ondoan belatz hiztuna ageri da; itoen aurpegi misteriotsuak, gizonak eta emakumeak, itsasoan flotatzen dute inguruan; eta, haren atzean, itsasontzi ainguratu batzuk ikusten dira kostaldearen ondoan.

John Melhuish Strudwick. Acrasia, 1888.

Artearen munduko beste literatur iturri ezagun bat Edmund Spenserren The Faerie Queene (1570) da. John Melhuish Strudwick (1849-1937) bere oihaletara egile honen lana eraman zutenen artean dago. Bere Akrasia-k (1888) izen honetako sorgin bat irudikatzen du, Zirze grekoak bezala, gizonak zerrikume bihurtzen zituena. Pinturan ikusten da gizon bat edabe batekin seduzitu duela. Bere magalean pausatzen da, bere menpe. Armaduraren gainean arrosak daude sakabanatuta, armarria erdi ezkutatuta dago landaretzaren eta ezpataren artean. Zuhaitzen atzean, dontzeila gaiztoek (Odiseako sirenak bezala) laudeak eta harpak jotzen dituzte. Horrela, zaldunaren noble idealen gaineko magia ilunaren arrakasta adierazten da.

William Russell Flint. La belle dame sans merci.

Magiarekin lotutako emakumeen iruditeriaren ibilbidea amaitzeko, Ingalaterrako hemeretzigarren mendeko pinturaren literatura-gai ospetsuenetako batera hurbildu gara. John Keatsen (1819) La belle dame sans merci poema da, non femme fatale-ren gaia berriro ere modu ilunduan agertzen den. Zaldun baten eta bere edertasunarekin sorgintzen duen dama baten arteko topaketa kontatzen du. Hiltzean, amets gaizto batean erortzen da betierekotasun osorako. Waterhouse, Dicksee edo Cadowan Cowper dira gaia landu zuten viktoriarretako batzuk. Hala ere, William Russell Flinten 1908ko bertsioari erreparatuko diogu.

La belle dame sans merci-k zaldun baten eta bere edertasunarekin sorgintzen duen dama baten arteko topaketa [erakusten du]. Hiltzean, amets gaizto batean erortzen da betierekotasun osorako “

Margolanak sorginaren garaipena irudikatzen du. Zalduna erori egin da eta lurrean etzanda dago ezpata bularrean duela. Bere ondoan kaskoa eta lantza daude, inoiz erabiliko ez dituenak. Sorginkeria amaitu da eta sorginak irribarre egiten du pozarren. «Berak bere laztanekin lo eginarazi zidan, eta han amestu nuen (A, gaixoa!) mendiko magal gona izoztuaren gainean amestu dudan azken ametsa».

Emakumearen eta naturaz gaindikoaren arteko harremana azaletik aztertu dugu. Adibide gehiago daude, ez denak iturri literarioei buruzkoak, emakume irudiak sorginkeriak eginez eta kristalezko orakuluak edo bolak kontsultatuz erakusten dituztenak. Hala ere, uste dugu irudimen horrekin lotutako gai nagusiak ukitu ditugula, magia eta feminitatea batzen baititu, ideal viktoriarraren misteriotsuarekiko lilura nabarmenduz. Testuinguru hartan, emakumea protagonista zen, nahiz eta gaizkiarekin lotuta egon.


OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (12 de agosto de 2024). La mujer y la magia en el imaginario victoriano. El blog de Tartalo. Recuperado 13 de abril de 2026 de https://doi.org/10.58079/126oh


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.