Egilea: Alexandra Sorina Radulescu
Itzulpena: Jon Alkorta
Bestea jatea: maitasun eta desio ekintza gorena
Maite dugun horri diogun maitasuna agertzeko modu asko daude: zainduz, momentu zailetan ondoan egonez, jaki gustokoenak prestatuz, gustuko gauzak oparituz, … Badira, hala ere, moraltasunaren mugak gainditzen dituzten maitasuna erakusteko moduak, fikziozko lanetan aurkitu ditzakegunak batez ere.
Norberak bere burua bestearen mesedetan sakrifikatzea gai errepikakorra da literatura klasiko eta garaikidean, eta baita azken urteetako telebista saioetan ere. Bertan, ekintza hau altruista bezala ikusten da, bestearekiko egin ahal den balentria eta estimu handieneko ekintza bezala, alegia. Baina ba ote legoke sakrifizioaz haratago doan ekintzarik, maitearen heriotza ez ezik, hau bera jatea ere dakarrenik?

Kanibalismoaren jatorria
Kanibalismoa norberaren espezie bereko beste norbait jatean datza, nahiz eta orokorrean gizakien arteko kontsumoari erreferentzia egiteko erabiltzen den. Jatorria ez da batere argia, batzuek diote neandertalen artean garatutako zerbait dela, bestetzuek Amerikako tribu natiboen artean sortu zela.
Jatorria argia ez bada ere, gaur egun honen inguruan dagoen iritzia oso orokorra da, hau da, kanibalismoa ekintza guztiz inmorala dela, alegia. Historian zehar, esaterako, mendebaldeko gizarte zuriek beste kultura batzuk diskriminatzeko (juduak, ijituak, tribu amerikarrak, …) erabilitako herraminta ere izan da, beraien moralaren nagusitasuna eta azken hauen basakeria azpimarratzeko.
Erritual honen ospe txarraragatik ere, literatura eta zinea hau mitifikatzen saiatu dira fantasiazko pertsonaia eta istorioen bitartez. Lan askotan, maitasunaren, desioaren eta pasioaren inguruan artikulatzen da gai hau, irakurle eta ikusleen interesa eta ikusmena piztuz. Honen erakusle nagusienetarikoa banpiroak lirateke.
Kanibalak al dira banpiroak?
Banpiroak ez dira guztiz kanibalak, ez baitira normalean giza-haragijale moduan aurkezten, giza-odol kontsumitzaile bezala baizik. Kanibalismoaren inguruan dugun ideiari tiraka, beraz, banpiroek hala-nolako kanibalismo bat praktikatzen dutela esan genezake.

Twilight liburu sailan agertzen den Cullen familia, esaterako, giza odola kontsumitzen ez duen banpiro familia bat da. Familiako aita medikua da, beraz, sahiestezina da berarentzat egunerokoan giza odola ikustea. Edward semearen kasuan aldiz, Bella maitearen odolaren usainak bere usaimena aktibatzen du, eta odola edateko desio izugarri baten aurrean ihes egitea beste aukerarik ez du.
“Hil nahi zintudan. Ez dut inoiz beste gizakiren baten odola hainbeste desiratu… Zure usaina… Droga bat bezala da niretzat. Niretzat espreski egindako heroina bezala zara.” (Meyer 190)
Edward banpiroa izateak dakarren arriskuaz konturatzen bada ere, Bellak maitasun erlazio bat hastea erabakitzen du berarekin. Noski, erlazio honetan bere bikoteak jan dezan arriskua hor dago, eta Bella honen jakitun da. Hare eta gehiago, zenbaitetan desiatu ere egiten du:
“Hiru gauzaz ziur nengoen. Lehenik, Edward banpiroa zela. Bigarren, bere izatearen zati batek, eta ez nekien hau zein indartsua izan zitekeen, nire odola edateko desioa zuela. Eta hirugarrenik, berarekin itsu-itsu maitemindua nengoela.” (Meyer 190)
Noski, egoera honek Bellaren zaurgarritasuna adierazten du, baina baita bere desioa ere. Azken finean, Bella salbatzen duena Edwardek bere desioaren gainean duen kontrola da. Desio eta pasioak hasetzeko moralaren eta arrazoiaren mugak urratzen dituen izaki baten eskuetan uzten du Bellak bere bizitza, eta guztia maitasunagatik.

Kanibalismoaz hitz egitean saihestezina da desioaz eta pasioaz hitz egitea, sexualitateari estu lotutako bi gai. Esaterako, telebista saioetan banpiroak askatasun sexuala duten izaki bezala agertzen dira, lotura eta mugarik gabeak. Ezagun egin dituen ekintza bera ere, hozkada, sexualitatean errotutako ekintza bat da eta haragizko desioa hasetzeko lepoan edo izterrean egiten diren musuen antza du. Horregatik, esan genezake, maila sinboliko batean behintzat, maitasun eta sexu erlazioak neurrizko kanibalismo mota bat direla. Horrelako desioek, zenbaitetan, erlazioez haratago doan zerbaiten beharra ere izaten dute.
Ideia hau argitzeko The Vampire Diaries telesailari begiratuko diogu. Bi banpiro mota agertzen dira hemen: Stefan bezalakoak, animalien odolaz elikatzen den banpiroa, lasaia, zentzuduna eta gizakiekin arduratua; eta Damon, banpiro klasikoa, elikatzeko asmoz pertsonak hiltzen jarraitzen duena, axolagabea, basatia eta berekoia.
Pertsonaia bakoitzaren deskribapena kanibalismoaren inguruan dugun ideiaren araberakoa dela ikusi dezakegu. Giza-kontsumoa gauza inmorala denez, Damon basapiztia bat da, eta Stefan, aldiz, animaliak kontsumitzen dituena, gizatasuna handiagokoa.
Hala ere, Stefanen banpiro alderdia ere erakusten zaigu Elena bere maitearekin dagoenean. Elena moztu egiten den batean, Stefanen aurpegia nola hark nahi gabe aldatzen den ikusi dezakegu, puztutako zainez inguratutako odoldutako begiekin eta letaginak agerian dituela. Musukatzean ere berragertzen da Stefanen banpiro alderdi hau, Elenarekiko duen maitasuna eta sexu desioak nola autokontrol emozional gutxiko egoera batera eramaten duen erakutsiz.
Nahiz eta telesailean sexu harremanak izaten dituzten Elenaren bizitza arriskuan jarri gabe, harremanek ez dute beti desioa apaltzea lortzen. Zenbaitetan, areagotu egiten dute. Horrela, hurrengo pausoa kanibalismoa litzateke, izan ere, Stefanek Elena hozkatzen baitu eszena berean, bere odola eta berarekiko duen maitasuna kontsumituz.

Heriotzak bereizten gaituen arte (edo ez)
Neurrizko kanibalismoaz hitz egin dugu jada, baina non dira benetazko kanibalak? Tamalez beraien desioa kontrolatzen ez duten horiek, edo ekintza tamalgarri hau egin beste aukerarik ez dutenak. Azken ideia hau argitzeko kanibalismoa beharraren ikuspuntutik lantzen duen Yellowjackets telesailari buruz arituko gara.
Telesail honetan ez ditugu banpiroak aurkituko, hegazkin istripu baten ondorioz neguan eta ezerezaren erdian galdurik geratzen den nesken futbol talde bat baizik. Protagonistetako bi, Jackie eta Shauna, lagun minak dira, agian laguntasunetik haratago doan erlazioa ere badutelarik. Haatik, beraien erlazioak, maitasunaren mugak ez ezik, moralarenak ere urratuko ditu.
Hipotermia baten ondorioz hiltzen da Jackie eta temperatura izugarri baxuak medio, ezin dute bere gorputza lurperatu. Jackierekiko zuen maitasuna dela eta, Shaunak ez du bere heriotza gainditu eta hilotza bisitatzen eta honekin hitz egiten jarraitzen du, hilik egonagatik ere bere ondoan egoteko duen beharra erakutsiz. Behin, hilotza usteltzen ari delarik, Shaunak Jackieren belarria hartu eta jan egiten du.
Horrela artikulatzen da kanibalismoaren gaia telesail honetan, baina ez da bertan bukatzen: hilotza erretzen ari direlarik, Shauna eta beste taldekideek hilotza jaten dute goseak bultzaturik. Gizarteak epaitzen ez dituen egoera batean eta honen moralitatetik at, Shaunak ekintza hau bizirauteko ez ezik, Jackie eta bera betirako bat egingo dituen erritual bezala ere ulertzen du.
Irudikatuta dagoen moduagatik, Shauna izateak Jackieren hilotza jaten lehena gogora ekartzen dizkigu maitaleen arteko maitasun keinuak, eta taldekideen aurrean Jackie eta bere artean zegoen erlazioa indartzen du. Maitasun aitortze hau normalean ezkontza baten bitartez egiten bada ere, kasu honetan “heriotzak bereizten gaituen arte” ezagunaren bertsio esplizitu bat aurkeztennzaigu, heriotzak berak ere ez baititu bereizi bi maitale hauek.

Amaitzeko
Ikusi dugu maitasuna eta honek dituen forma ezberdin guztiak adierazteko metafora eta sinbolo andana dagoela, eta kanibalismoa horien artean bitxi eta ilunena litzateke. Maitasunaren inguruan dauden bestelako metafora eta sinboloak bilatzeko zure txanda da orain.
Artikuluan aipatutako telesail eta pelikulez gain, kanibalismoa maitasun eta desioaren sinbolo bezala darabilen beste lan bat Ethel Cain taldearen Preacher’s Daughter diska da.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
pauppic (25 de octubre de 2024). Consumir como el acto definitivo de amor o deseo . El blog de Tartalo. Recuperado 24 de abril de 2025 de https://doi.org/10.58079/12kne