Digital resources in the Social Sciences and Humanities OpenEdition Our platforms OpenEdition Books OpenEdition Journals Hypotheses Calenda Libraries OpenEdition Freemium Follow us

El destello verde

Egilea: Lidia Diaz Suarez

Itzulpena: Jon Alkorta

Dirdira berdea

Dirdira berdea: eguzkia sartu eta ilargia atera bitartean ematen den fenomeno atmosferiko eta optikoa.

Itsasertzean egonda, ilunabarraren aurreko azken eguzki izpiekin batera, posible da batzuetan ortzi-mugan dirdira berde bat begiztatzea. Ilusio bat bailitzan, argi honek badu kutsu majiko bat, nahiz eta ez den majikoa. Dirdira edo izpi berdea gizakia mendeetan zehar modu berean liluratu eta inspiratu duen fenomeno natural bat da. Dirdira iheskor hau fantasiazkoarekin, eskuraezinarekin, sublimearekin eta erromantikoarekin lotu izan da, eta betiereko maitasunaren, eraldaketaren eta ezinezkoaren bilaketaren sinbolo izan da zinema eta literaturan.

Honen lehen agerpena, eta, agian, esanguratsuena, Julio Verneren Le rayon vert (1882) zientzia fikziozko nobelan eman zen. Istorio honetan, Vernek izpi berdearen bila dabilen Helena gaztearen istorioa kontatzen digu, honek uste baitu izpi berdearen agerpenak bere maitasun galdua berragertaraziko duela eta hau betierekoa dela adierazi. Verneren nobelako pertsonaientzat izpia esperantzaren eta benetazko desioen betetzearen sinbolo bat da: espazioaz eta denboraz haratago doan maitasun bat aurkitzea, alegia. Zenbait kulturatan uste da izpi berdea batera ikusten duten maitaleak betirako elkarrekin egongo direla. Zientziaren esplorazioaren eta abenturazko narrazioengatik ezaguna den Vernek zentzu honetan darabil sinbolo hau, eta aldi berean magia gehiagoz bustitzen du elkarrekiko maitasuna bezalako mirarizko gauza bat.

Honetaz gain, sinbolo hau F. Scott Fitzgeralden Gatsby handia (1925) liburuan ere agertzen da. Bertan, Jay Gatsby pertsonaia nagusiak bere etxeko moilatik bere maitale izandako Daisy Buchanan-en etxearen gainean, badiaren beste aldean, argi berde bat ikusten du. Maitale izan ziren biak istorioko gertakarien aurretik, eta Gatsbyk oraindik ere lortu ezinezko amets moduan ikusten du Daisy, hau ezkondu ostean ere. Beraz, dirdira berdea Gatsbyk iraganeko maitasun idealizatu batekiko duen desioaren sinbolo bihurtzen da, ezinezkoa den zerbaiten jazarpenen moduko batean. Fitzgeralden argi berdea, ortzi-mugan ikusten den argi literal bat izateaz gain, bada ere Gatsbyk Daisyrekin izandako istorioa berridazteko eta hainbeste desiratzen duen amaiera zoriontsua lortzeko duen grinaren metafora bat; azkenean ilusio bat besterik izango ez den amets bat, sinboloa bezain ukiezin eta eskuraezina.

Argi berdea Daisy Buchananen moilan, F. Scott Fitzgeralden Gatsby Handia-n (1925).

Zinemari dagokionez, sinbolo hau Pirates of the Caribbean: At World’s End (2007) filmean agertzen da, non gizakien munduaren eta naturaz gaindikoaren arteko atari bat irudikatzen duen. Elizabeth Swann, Jack Turner eta Jack Sparrowen tripulazioa azken hau Davy jones-en domeinutik, itsasoan hildakoak iristen diren lurralde ozeanikotik, erreskatatzen saiatzen ari direnean, dirdira honek ortzi-muga argiztatu dezan itxaron behar dute. Orduan bakarrik irekiko da beste mundurako atea. Beraz, argi berdea gizakien mundutik beste plano existentzial batera iristeko ate literal eta metaforikoa da kasu honetan.

Ez da ahaztu behar dirdira honek natura sublime eta misteriotsuaren ideia erromantikoak ere islatzen dituela. John Keats eta William Wordsworth bezalako XIX. mendeko pentsalari erromantikoek natura edertasun fisikoaren islada bezala ez ezik, espiritualtasun eta dibinitaterainoko bide bezala ere ikusten zuten. Modu honetara, izpi berdea gizakiak dibinitatearekin eta naturaz gaindikoarekin duen loturaren adierazpena ere bada. Gizakiek sublimea begiztateko eta ikusi eta ukitu ahal denaz haratago dagoen jakituria hori une labur batez bizitzeko duten herraminta bilakatzen da natura.

Bai literalki, bai metaforikoki, argi berdea edertasun eta misteriozko sinboloa da. Bere bitxitasuna dela eta, edonor ez da bera begiztatzeko gai; betiereko maitasuna aurkitzea, amets handienak betetzea edo transzendentzia sentsazio bat lortzea guztion eskura ez dagoen bezala. Eta, hala ere, zenbaitetan gure begirada ortzi-mugan jarri eta argi honek bere magia eta lilurarekin argiztatu gaitzan beste aukerarik ez dugu. Nik behintzat ortzi-mugara begira jarraituko dut.


OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
pauppic (25 de noviembre de 2024). El destello verde. El blog de Tartalo. Recuperado 19 de marzo de 2025 de https://doi.org/10.58079/12rcj


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.