Arkitektura gotikoaren inpaktua errealitate eta fikzioan
Egileak: Lina Amry eta Ane Gil
Gotiko hitza askotan entzuten dugunean burura datorkigun lehen gauza arkitektura gotikoa da. Estilo arkitektoniko hau Erdi Aroko Europan sortu zen, zehazki XII. mendean. Bere sorkuntzatik, korronteak eragin handia izan du hainbat adierazpen artistikotan, hala nola literaturan, zineman eta baita musikan ere. Fikzio fantastikoan, arkitektura gotikoaren hainbat irudikapen aurki ditzakegu, egileak entzuleei transmititu nahi dien giroa edo atmosfera moldatzen laguntzen dutenak, adibidez.
Zer da arkitektura gotikoa?
Hasieran, arkitektura gotikoa Jainkoaren aintza nabarmentzeko eta kristautasunaren irakaspenak zabaltzeko asmoz sortu zen. Hori dela eta, estilo gotikoak egitura altuak eta sabai altuak eraikiko ditu, zerurantz eta, ondorioz, jainkotiarrera hurbiltzea ahalbidetzen dutenak. Hain egitura altuak lortzeko, garaiko arkitektoek ogiba-arkuak, gurutze-gangak, pilare faszikulatuak, leihate handiak, dorreak eta orratzak erabiltzen zituzten. Elementu horiei esker, eraikinak egonkorrak ziren, estetika eta altuera sakrifikatu gabe . Bestalde, katedral gotikoetan barruko lekuak argitasunez betetzea bilatzen zen, argia Jainkoarekin lotuta baitzegoen. Horregatik, oso ohikoa da koloretako beirate handiak aurkitzea, argia iragazten dutenak eta katedralak tonu desberdinetako argiekin argiztatzen dituztenak. Beirate horiek argia iragazteaz gain, Bibliako pasarteen eszenak ere erakusten zituzten, ezagutza horiek populazio analfabetoari transmititzeko. Era berean, katedralen kanpoaldean erlijio-motibodun dekorazioak eta egiturak aurki ditzakegu, hala nola santuak edo apostoluak. Estilo arkitektoniko hau argitsu eta zerutiar gisa hasi bazen ere, denborak aurrera egin ahala, ilunarekin eta zorigaitzarekin lotzen joan da gotikoa.
Atzoko eta gaurko arkitektura gotikoa
Arkitektura gotikoak gaur egungo hiri-paisaian izan duen eragina ukaezina da, eraikin batean egon behar duen bertikaltasunari eta argiari buruzko idealak erabat aldatu zituen korronte arkitektonikoa izan baitzen. Eraikin gotikoa asmamenaren, sormenaren eta giza asmoaren totema da, aurreko ereduak (kasu honetan arkitekturakoak) berritzeko eta hobetzeko beharra islatzen baitu.
Lehen aipatu dugun bezala, bertikaltasunaren enfasia da ezaugarririk garrantzitsuenetako bat, askotan gargola moduko apaingarriekin batera ikusi daitekeena eraikin gotiko askotan. Frantziako Chartresko katedrala da adibide aipagarria zentzu honetan. 1194 eta 1250 artean eraikitako katedral hau garaieraren bidez jainkotiarra dena lortzeko nahiaren adibide garbia da, (estilo gotikoaren funtsezko ezaugarria dena). Katedraleko nabe garai-garaiek, ojiba-gangek eta dorre goratuek bertikaltasun-sentsazioa indartzen dute, ikusmen-inpaktu ikaragarria sortuz.

Arkitektura garaikideari dagokionez, seguruenik bertikaltasunean pentsatzen egindako adibiderik argiena Burj Khalifa etxe orratza da, Dubaien, Arabiar Emirerri Batuetan aurkitu daitekeena. 828 metroko altuerarekin, munduko eraikinik altuena da, eta bertikaltasunarekiko obsesio garaikidea islatzen du, zeruraino igotzen dela dirudien egitura baita.

Argitasunari eta egiturazko elementu erabat berritzaileen erabilerari dagokienez, ogiba-arkuen kasu, Pariseko Notre-Dameko katedrala izango da ziurrenik adierazgarririk handiena. XII. eta XIV. mendeen artean eraikia, arrosa-leiho bat du, eraikinaren barruko espazioa kolorez betetzen duena eguzkiak jotzen duenean. Argiaren eta iluntasunaren joko gotikoaren adibide nagusietako bat da catedral hau. Gainera, eraikinak gotikoaren beste egitura-berrikuntza nabarmenetako bat du, arbotanteak, hain zuzen ere, katedraleko beirateak instalatzea ahalbidetu zuena.

Minneapolisko Arte Museoa gotikoaren argitasunaren kontzeptuen erabileraren arloan nabarmentzen da. Estatu Batuetako museoak kontzeptu hauek barneratzen ditu, beirak eta leiho handiak erabiliz, argi naturala sar dadin, baina eraikinak ez du estilo gotikoa zuzenean emulatu nahi, “gotikotasuna” material berritzaileen erabilerari, beira edo altzairua kasu, datorkio.

Arkitektura gotikoa literaturan
Literatura gotikoari erreparatzen badiogu, generoaren lanik aipagarrienetako batzuk har ditzakegu adibidetzat. Bram Stokerrek bere Dracula eleberrian, Drakula kondearen gaztelua aurkezten digu, Transilvanian kokatua dagoena. Eraikin honek gotikoaren hainbat ezaugarri jasotzen ditu, hala nola dorre altu eta zorrotzak edo mazmorrak eta tunel sekretuak. Elementu hauek literatur genero gotikoari dagokion atmosfera ilun eta dramatikoa ematen laguntzen dute.
Bestalde, arkitektura gotikoa ere gaur egungo obretan aurki dezakegun elementua da. George R.R Martin idazle ezagunaren Canción de hielo y fuego adibide bikaina da. Eleberri honetan, Martinek estetika gotikoarekin bat datozen hainbat gaztelu aurkezten dizkigu, bere obra hobeto girotu eta irakurleari beldurra sentiarazteko asmoz. Horren adibideetako bat Harrenhal gaztelua da, obraren agertoki garrantzitsuenetako bat. Eraikin honek dorre erraldoi eta altuak ditu, eta bai barrualdean zein kanpoaldean, gargolaz eta estatua hautsiez apainduta dago gaztelu hau. Elementu gotiko horiek erabiliz, giro ilun eta ikarazkoa sortzen da.

Arkitektura gotikoa zineman
Zinemari dagokionez, arkitektura-estilo gotikoarekin sarritan egin dezakegu topo ere. Eraztunen Jaunaren egokitzapen zinematikoan, Barad-dûr, Sauronen, J. R. R. Tolkienen unibertsoko pertsonai maltzurraren gotorlekua aurki dezakegu. Eraikin honen bertikaltasunak eta garaiera izugarriak katedral gotikoetan aurki ditzakegun hainbat elementu oroimenera ekartzen dizkigute. Elementu hauen erabilpena lagungarri zaio Tolkieni Barad-dûrreri kaltegarritasun sentsazioa eta zapaltzailea emateko. Gotikoaren handitasuna eta indarra bat datoz eraikuntza honekin, beldurtzea baitu helburu.
Bestalde, Harry Potterren filmetan Hogwarts ikastetxea, ezaugarri gotiko argiak dituen gaztelua, dugu eszenatoki. Adibidez, dorre altuak, gurutze-gangak, gargolak, pasabide ilun eta labirintikoak eta koloretako beirateak dituzten leihateak aurki daitezke eraikin honetan. Elementu hauek guztiek handitasuna transmititzea lortzen dute, eta, aldi berean, giro enigmatikoa sortzen dute gazteluaren inguruan. Gainera, jakina da Hogwartsen arkitektura benetako eraikin gotikoetan inspiratu zela, esate baterako Oxfordeko unibertsitatean eta Durham eta Gloucesterreko katedraletan.

Ondorioak
Ondorio gisa, argi dago arkitektura gotikoak oso marka handia utzi duela eraikuntza garaikidean nahiz beste arte batzuetan, hala nola literaturan edo zineman. Estilo honek fikzio fantastikoan duen eragina ukaezina da; arkitektura gotikoari esker, egileek hobeto girotu ahal ditzaketelako beren lanak, eta, arkitektuen kasuan, gotikoarekin lotzen ditugun ezaugarriak dituzten agertokiak eraiki ditzakete gaur egun ere, hala nola iluntasuna, handitasuna, malenkonia edo misterioa sorrarazten dituzten topaguneak. Argitasunaren eta berrikuntza estruktural zein estilistikoen ezaugarri liluragarriak eragin ukaezina utzi du gizartean gotikoak, eta inspirazio gisa balio izan du mendeetan zehar, eta hala izaten jarraituko du, bere izaera eder baina aldi berean misteriotsuagatik, ezaugarri hauek gotikoa definitzen baitute, hau da, etereoaren eta makabroaren konbinazio hoek beti egingo du gotikoa estilo erakargarri bat.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Ane Gil Arzallus (27 de febrero de 2025). El impacto de la arquitectura gótica en la realidad y en la ficción. El blog de Tartalo. Recuperado 12 de marzo de 2026 de https://doi.org/10.58079/13e77

