Amodio Dekadenteak: Drakula Grinatsua
Itzulpena: Nere Galletebeitia
Beste irakurketa batzuk alde batera utzita, banpirismoa arte-gai gisa jorratzeko legez kanpoko sexuaren, erreprimitutako maitasun baten pasio-eztandaren, eta industrializazioaz, zientifizismoaz eta desakralizazio materialistaz gaixoturiko gizarte baten aurrean erreakzionatzen duen libido baten adierazpen morbidoaren metafora gisa interpretatzea da. Egia da banpiro baten erasoa sexu-eraso soil eta arrunt baten metafora izan litekeela, hau da, letaginek funtzio falikoa hartzen duten bortxaketa baten metafora, harrapariaren eta haren biktimaren identitate sexual edo generikoa alde batera utzita; baina hozka onartua bada, orduan, erasoa maitasun-ekintza bihurtzen da, non “sexua” sentimendu sakonen agerpena den, eta zeinaren bidez biktimak eta banpiroak elkar onartzen diren, bi arima bakar batean elkar islatzen diren ispilu gisa.
Drakula (1897) eleberriarekin, Bram Stoker idazle irlandarrak naturaz gaindiko abenturen inguruko lan bikain bat, non suspensea, izua eta izugarrikeria zuhurki banatuta eta dosifikatuta dauden, oparitzeaz gain; gainera, berak erreprimitzen zituen aukera sexualak gaitzesten zituen puritanismo viktoriar hipokritaren aurkako mendeku pertsonalerako bide bat sortu zuen. Horrela, Drakula bere garaian (eta, kasuaren arabera, baita gurean ere) zigortutako parafilien katalogo gisa aurkezten da, hala nola, homosexualitate maskulinoa, lesbianismoa, pederastia, nekrofilia, adulterioa, sexu kolektiboa, zoofilia eta gaur egun alai “poliamodio” deitzen dugun bezalako alternatiba sexualak. Horretaz guztiaz hitz egiten du Stokerrek banpirismoaren mozorropean, jakina, idazleak ez baitzuen nahi bere lagun handi Oscar Wilde-en patu bera pairatu.
Bere filma estreinatzean jende askok pentsatu ez zuen bezala, Francis Ford Coppola ez zen izan Drakularen pertsonaia ikuspegi hunkigarriago batetik birplanteatu zuen lehena, munstroa gizatiartuz bere zaurgarritasun sentimentala erakutsiz. Izan ere, Bram Stoker ‘s Dracula (1992) amodiozko istorio gisa merkaturatu zen, beldurrezko istorio gisa baino gehiago. Hala ikusi zuen bere publikoaren zati handi batek ere, eta, izan ere, zentzu horretan, filmak Ederra eta Piztia ipuineko Disney bertsiotik Stokerren eleberritik baino gehiago edaten du. Baina Coppola ez zen izan Drakula grinatsu batean maitasun dekadentearen gaia garatu zuen lehena. Badira beste bi lan aitzindari ekoizpen urtea partekatzen dutenak: Blacula (William Crane, 1972) eta El gran amor del conde Drácula (Javier Aguirre, 1972). Biek modernizatzen dute elezaharra banpiroaren eta emakumezko protagonistaren arteko maitasun heterosexualaren istorioa indartzean. Ñabardura erromantiko horren ardura, batez ere, gidoilariei dagokie: Joan Torres eta Raymond Koening film estatubatuarrean, eta Jacinto Molina Alberto S. Insúa eta Javier Aguirre film espainiarrean.
Blaculan, maitasun banpirikoa dekadentea da maitasun makabroa delako eta bizitzaz elikatzen duelako bizitzarik ez duen hori. Banpiroak 70eko hamarkadako gazte estatubatuar batengan, XVIII. mendearen amaieran goizegi hildako bere emaztearen berraragiztatzea antzeman duela uste du. Horrela, banpiroak heriotza baino maitasun indartsuagoa eskaintzen du. Espainiar filmean gaueko harraparia ere maitemindu egiten da, eta ekoizpen honen lorpen handienetako bat kokapen naturaletan filmatzea da, zeinak dekadentismoaren eta gotikoaren arteko estetika hibridoa lortzen laguntzen duen. Baina bi obrak bat badatoz banpiroaren sentiberatasunean eta haren existentziaren zentzu tragikoan, zeina pertsonaiaren formaren desberdintasunean ikusten den. Horri dagokionez, film iparramerikarraren originaltasuna arraza-tabuak apurtzean eta Drakularen protagonismoa (filmaren hitzaurrean soilik agertzen dena) arraza beltzeko alter ego baterantz lekualdatzean datza. Hortik dator jatorrizko hizkuntzako izenburuaren hitz-jokoa. Zentzu horretan, filma blaxploitationaren adierazgarri da, afroamerikarrak protagonista dituzten Ameriketako Estatu Batuetako zinema-korrontea, bereziki arraza beltzeko ikusleei zuzendutako filmak ekoiztea proposatzen duena, baina ez beste etnia batzuetako ikusleak gogobetetzea baztertu gabe. Ekoizpen-politika horren arraza-zentzuak (ez nahitaez arrazistak) zurien artean arrakasta-formulei berriro heltzen zieten filmak sortu zituen, baina pertsonaia protagonisten arraza aldatuz. Kasu honetan, William Marshall antzerki-abeslari eta aktoreak interpretatu zuen Drakula kondearen “bertsio beltza”. Film espainiarrean, berriz, Drakulak berak jokatzen du paper nagusia, Paul Naschyk antzeztuta. Bi filmek banpiroaren auto-inmolazioarekin amaitzen dute kontakizuna, beren sentimenduen zintzotasunaren eta maila moralaren erakusgarri gisa: Blaculan bere buruaz beste egiten du maitasun-itxaropen guztiak galtzean, bere emaztearen berraragitzea irudikatzen duen neska poliziak hil baitu banpirizazioaren ondoren; El gran amor del conde Drácula-n banpiroak bere buruaz beste egiten du bere maiteari etorkizunean eraso egitea saihesteko. Banpiro suizidaren irudiak aitzindari literario ospetsu bat du: Varney the Vampire, or The Feast of Blood, 237 kapituluz osatutako penny dreadful bat, James Malcolm Rymer-ek idatzia (edo Thomas Preckett Prest-ek, espezialistak ez dira ados jartzen) eta 1845 eta 1857 urteen artean emanaldi ezberdinetan argitaratua. Lan entretenigarri honetan, banpiroak bere buruaz beste egiten du maitasunagatik, Vesubioko kraterraren barrura salto eginez.
Aipatutako bi filmen ekarpenak eragina izan du gerora garrantzi handiagoko bi filmetan.

Nosferatu, vampiro de la noche (Nosferatu; Phantom der Nacht, Werner Herzog, 1979) ariketa metazinematografiko zoragarria da, non remake-ak lekua uzten dion re-birthing-ari, banpiroen zinemaren maisulan nagusiari egindako omenaldi maitekor gisa: Nosferatu (Nosferatu; Eine Symphonie des Grauens, 1922). Zorakeria punturaino hipnotikoa izanik, bere soinu-banda musikalari, kokapenei eta argazkiari esker, filmak maitasun dekadentearen istorioa indartzen du pultsio harraparia adikzio gisa aurkeztuz Klaus Kinski aktore alemaniarraren banpiroaren haragitzeari esker, eta Isabelle Adjani-k bere lan zinematografiko onenetako batean interpretaturiko Lucy etereo, ia mamu-itxurakoaren, erakarpen hilgarriari esker. Murnau-ren jatorrizko filmean gertatzen zen bezala, banpiroa Lucyren tranpan erortzen da. Banpiro ahu bere burua hiltzeko gai da bere komunitatea salbatzeko, Kristok gizateria berrerosteko bere odola eskaini zuen bezala. Maiteminduta dagoen banpiroaren desolazioa eragiten duen emakume baten ikuspegi kritiko ausarta da, bere antsietatea inoiz asetzea lortzen ez duen betierekotasunera kondenatutako hil-gabea, izan ere, maitatua ez sentitzea bizitzan hiltzea da, guztiz hiltzera iritsi gabe. Zentzu horretan, Kinskik bere pertsonaiari noizbehinka ematen dion arnasketa asmatikoa guztizko interpretazio-lorpena iruditzen zait, gutxienez, asmari irakurketa psikosomatikoa aplikatzen badiot, adibidez, inoiz isuri gabeko malkoen negar erriprimituaren adierazpen gisa. Kasualitatea izango ote da Klaus Kinski polemikoak Nik maitasuna behar dut (Ich brauche Liebe) izenburua jarri izana bere autobiografiari?

Drakula-ren (John Badham, 1979) ezaugarri ugarien artean, aktoreen aukeraketa nabarmentzen da. Frank Langellak arrakasta handiz protagonizatu zuen pelikularen inspirazio-iturri den Balderston-Deane-neren antzezlana, eta pertsonaia dandismo byroniarrera hurbildu zuten ñabardurak ematen jakin zuen, Lord Ruthven-en, 1819an John William Polidori-k idatzitako The Vampyre kontakizun ospetsuko protagonista galgarria, oinazegarrizko harreman estua zuen bere lagun Lord Byronen oinarritu zuen pertsonaia. Lord Byron, Lord Ruthven eta Langellak gorpuztutako Drakulak erakargarriak dira, moralgabe liluragarriak, eta patu tragiko batera kondenatuak. Christopher Lee-k Hammer filmerako Drakula modernizatu eta erotizatu bazuen, Frank Langellak bere eredua jarraitu zuen pertsonaia berriz eguneratzeko, baina bere sentimenduak gizatiartuz. Irudi boteretsu, dotore eta estilizatua, edertasun beltzaran eta exotikoz hornitutakotik, Langellak bere Drakula originaltasunez distiratzea lortzen du, Leek ezarritako ikonotik aldenduz eta Badhamek berak bi urte lehenago John Travolta protagonista zuen Saturday Night fever (1977) filmean proposatu zuen gaiaren iruditeriari jarraipena emanez.
Langellaren lehen planoak ederrak dira. Aktorearen eusteak, bere talentuaren froga izanik, keinuak eta mugimenduak aurreztu zituen eta lehen aldiz Drakula berritsu bat erakusten digu zinemak, Stokerrek bere eleberrian deskribatzen duena bezalakoa. Banpiro horren hitzak bere begiradaren ondoren bere armarik onena dira, jakina, batzuetan bere benetako “nia”, bere odol-irrika edo bere etsaiekiko sentitzen duen gorroto hilgarria erakusten duen begirada, aktoreak bere begi-niniak dardarka jartzen dituen lehen planoetan ikusten den bezala, bere begiradari deabruzko ñabardura emateko. Langellak sedukzio erotikoaren eta basakeria lehergarriaren arteko oreka mantentzen jakin zuen, dagoeneko Leeren interpretazio sotilean agertzen zirenak, baina Lagellak dimentsio emozional bat eman zion. Bi interpretazioek Francis Ford Coppolak bere 1992ko bertsio liluragarrian erabili zuen aurrekari bat eraikiko dute, bere estetikagatik baino edukiagatik dekadentea dena. Baina Kinskiren banpiro hunkigarria sufritzaile petoa, galtzaile ezkorra bada, Langellarenak maitatzeagatik sufritzen du, baina garaitzeko maite du. Izan ere, haren eta Lucyren arteko erromantzearen garapenak, batetik, eta filmaren amaieraren anbiguotasun modernoak, bestetik, Drakula garailea dela iradokitzen du; hala adierazten du Lucyren irribarre misteriotsuak, itsas haizeak bultzatuta, Drakularen kapa urruntzen ikusten duenean.
Terence Fisherrek eta Hammerren taldeak frogatu bazuten “banpiro-ehiztariak” natura zalantzagarriko “On” baten ordezkari izan zitezkeela, Drakulak eta Lucyk osatutako maiteminduen bikotea banatzen saiatzen diren gaizkile antagonista gisa jarduten duten “on-egile” talde bat sortu zuen John Badhamek. Ordura arte banpiroaren irudiak giza bikote heterosexualen arteko maitasun harremana nahasten zuen mehatxu gaiztoa irudikatzen bazuen ere, Badhamen filmak Van Helsing doktoreak, Seward doktoreak eta Johnathan Harkerrek, bi maitaleren zoriona suntsitu nahi duten intruso gogaikariak, osatutako hirukotea aurkezten du. Sir Laurence Olivier aktore britainiar beteranoak sinesgarriki gorpuztu zuen Van Helsing; Donald Pleasence-ek komikotasun originala ematen dio Seward doktorearen pertsonaiari; Trevor Eve-ek, publikoa Drakularekin identifikatzea eta haren kausa babestea helburu duen film bati komeni zaion bezala, Harker lotsagabe eta antipatiko bat antzezten du; Kate Nelliganek eta Jan Francisek Lucy eta Mina gorpuzten dituzte hurrenez hurren, eta biak ordura arteko sexu-objektuaren funtziotik aldentzen dira. Kate Nelliganen erakargarritasun fisikoak, zehazki, bere pertsonaiari ematen dion nortasun indartsuak baino garrantzi gutxiago du, gizarte zaharkitu baten amaraunean txertatutako emakume modernoaren adibide ezin hobea.
Antzeko testuinguruan, nor edo nortzuk dira munstroak? Gurasoen eta alaben arteko belaunaldi-gatazka bigarren mailako gai garrantzitsua da, sakoneko arazoaren ondorio dena: sexuen arteko borroka eta emakumeen askatasunaren aldarrikapena zapalkuntza patriarkalaren aurrean. Adimen erakustaldi batean, gidoiak jatorrizko harremanak aldatzen ditu eta Lucy eta Mina Van Helsing eta Seward doktoreen alabak bihurtzen ditu, hurrenez hurren. Eta alabek Drakularekiko grina sentitzen badute, gurasoek ahal duten guztia egiten dute haien “neskatilen” borondateari aurka egiteko. Aitaren jeloskortasun irrazionalak jarrera oldarkor erradikal bilakatu daitezke aitarekiko sentitzen zuten maitasun edipikoa amaitu eta gizon gazteago batengana trukatzen duten aurkari maskulinoak agertzen direnean. Ikuspegi psikoanalitiko hori aplikatuz gero, filmak intzestu-ñabardura morbosoak hartzen ditu Lucy bere aitaren hesolarekin zutoinean sartzen duen eszena beldurgarri eta izugarrian. Van Helsing-ek bere alabari tresna faliko ezagun bat sartzen dio, hau da, Van Helsing-ek alaba bortxatzen du “desleialtasunagatiko” zigor gisa, beste gizon bat (banpiroa) maitatzeagatik. Era berean, Seward doktoreak, Mina ulertzeko gai ez denez, Drakularekin duen amodioa eragozteko borrokatzen du, zeina etsai handia den, ez hainbeste maiteminduen odola xurgatzeagatik, baizik eta Van Helsing, Seward eta Harker txepelaren lehiakide komun bihurtzeagatik. Hala, hirukote patriarkalek ohiko moralari aurka egiten dion gizon batenganako maitasunaren bidez emantzipatzea erabakitzen duten emakumeen gaineko nagusitasuna galtzen dute. Drakula avant la lettre ezohiko limurtzaile feminista da film honetan. Alde batetik, badirudi emakumeak manipulatzen dituela beren jarrera “donjuaneskoarekin”, baina, bestetik, independentzia, nortasuna eta izaera sendotasuna emakumearen bertute nagusi gisa balioesten dituela dio, eta ideal femenino hori Lucyrengan pertsonifikatuta aurkitzen du, zeinak, gainera, bere ideologia feminista onartzen duen bere lagun Minarekin izandako elkarrizketa batean.
Film honen borondate urratzailea paperak eta patuak alderantzikatzearen muturreraino iristen da: Drakulak Van Helsing hiltzen du egurrezko hesola batez zeharkatuz; Jonathan eta Lucyren arteko “adiskidetzea” maitasunaren jokoan galtzen ez dakien gazte hisiaren ekiteak behartzen du; indarberriturik sentitu beharrean, Lucyk biziki sentitzen du Drakularen heriotza, eta aldi berean poztu egiten da bere abentura erabat amaitu ez dela pentsatzean. Banpiroa berpiztu ote daiteke? Drakulak erein ote du bere hazia Lucyren barruan? Ondorengorik izango al du? Azken batean, Van Helsing eta Jonathan ontziaren sotoan sartzen direnean, Drakula eta Lucy kutxa barruan besarkaturik aurkitzen dituzte, senar-emazteen ohe makabroan lo dauden maitaleak bailiran.
Maitasun banpiriko dena dekadentea da, baita sakrilegoa ere. Betiereko bizitzaren promesak kristau doktrinaren egitura logikoari jarraitzen dio, haragiaren berpizkundearen gaiaren inguruan edozein teologok onartuko lukeen bezala: heriotza aurretiko eta beharrezko baldintza da berpiztu ahal izateko, baina Elizak Jesukristoren edo Lazaroren kasuan legitimatzen duena, kondenatu egiten du agentea banpiroa bada eta berpiztua edozein pertsona bada.
Odolarekiko antsietatea droga adiktibo gisa; maitasun tragikoaren erromantizismoa; banpiroak eta haren banpirizatuak berezko duten hiperestesia; Drakularen queer gustuari atxiki zaion androginia sinbolikoa, bere biktimen sexu-identitateari buruzko aurreiritzirik gabea; neska-lagunaren bilakaera bere malenkonia ezkutatzen duen izaki baten spleen-ari aurre egiteko bitarteko bakar gisa; paganismoa, okultismoaren heresian bere adierazpide urratzailea duen mito baten oinarri gisa… ez dago ihesbiderik, banpiroaren maitasuna dekadentea da berez, dekadentea baino ezin da izan, bestela ez da banpirikoa. Kanpoan geratzen dira, beraz, Stephenie Meyer idazle mormoniarrak eta enparauak egindakoak.
OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Klaudia Gomez Tombelle (26 de agosto de 2025). Amores decadentes: Drácula apasionado. El blog de Tartalo. Recuperado 14 de abril de 2026 de https://doi.org/10.58079/14ia5

