Digital resources in the Social Sciences and Humanities OpenEdition Our platforms OpenEdition Books OpenEdition Journals Hypotheses Calenda Libraries OpenEdition Freemium Follow us

El Misterio de los Mitos Modernos: ¿Quién será el próximo Homero?

Mito Modernoen Mitoa: Nola jakin nor izango den hurrengo Homero?

Egilea: Klaudia Gomez Tombelle

Itzulpena: Lucía Aguirregoitia

Badira obra eta historia monumental batzuk zeinak haien influentzia, unibertsaltasuna eta inpaktuari esker mitoaren estatusa lortu duten. Nork ez du ezagutzen Troiako mitoa edo geroago gertatzen diren Odiseoren abenturak? Edo Romeo eta Julietaren tragedia?

Mundu akademikoak denbora asko darama mitoak nola, noiz eta zergatik sortzen diren identifikatzen, eta hauen definizioari buruzko adostasuna lortzen. Esan liteke mitoa istorio bat dela zeina besteengandik  desberdintzen den eta estatus nagusiago bat lortzen duen. Esan ohi da giza izaerari buruz zerbait intrintsekoa adierazten dutela, eta gizarteen beldur eta antsietate sakonenei dei egiten dietela, eta, aldi berean, alde batera utzi ezin den halo fantastiko, mistiko edo zuzenean fikziozko bat gordetzen dutela. Mitoaren substantzia imajinario kolektiboan duen presentzian datzala esan genezake. Mito hitzak berak antzinako oihartzun historikoa du, baina ezin da ahaztu horien izaera dinamikoa. Azterketa-puntu oso interesgarria da gure aroan eratzen ari diren mitoak zein diren jakitea, eta ikonikotasun mitiko horretara zein hurbiltzen diren aztertzea.

Artikulu honen inspirazio nagusia John Bender, Stanfordeko Unibertsitateko eta Literatura Ingeles eta Konparatuko irakaslea, eta honek idatzitako “The Novel as Modern Myth” izeneko artikulua. Bertan, berak “mito moderno” deitzen duen hori bilakatzen ari direla argudiatzen duen hiru literatur lan defendatzen ditu. Robinson Crusoe, Frankenstein eta Drakula eleberriak arrakasta komertziala eta balio kanonikoa gainditu duten eleberritzat jotzen ditu, imajinario kolektiboan barneratu diren arte. Mito klasikoekin hainbat ezaugarri partekatzen dituztelako bermatu zaie sarbide hori. Batetik, gizartea obsesionatzen duten beldur kolektiboak gorpuzten dituzte, hala nola Drakularen ezezagunarekiko beldurra, eta, bestetik, funtzio etiko-morala edo hezkuntzakoa ematen dien unibertsaltasuna ere badute, bai ikuspegi kosmogonikotik, bai egunerokotasunetik haratago, hala nola Frankensteinen irakur daitekeen handinahikeria neurrigabearen aurkako ohartarazpena.

Mito horiek guztiek erreproduzigarritasun balioa partekatzen dute: istorio horiek guztiak kontatzen eta bertsionatzen jarraitzen dira, ez dira agortzen eta beti garatzen dute alderdi berritzaileren bat. Oraindik ere Odisearen bertsio berriak egiten diren bezala, Christopher Nolanen 2026rako film berria esaterako, Drakulak eta Frankensteinek ere hainbat egokitzapen izan dituzte urteetan zehar.

Denborak erakutsi du John Bender doktorearen tesiaren egiazkotasuna, aipatutako hiru lanek mito izateak dakarren istorioen olinpo horretara iritsi direlako. Hala ere, horrek galdera gehiago sortzen dizkigu: zein izango da hurrengoa? Gaur egun irakurtzen eta kontsumitzen ari garen zer istorio pasatuko dira historiara imajinario kolektiboaren leku pribilegiatu horretan? Zaila da jakitea, baina teorizatu genezake. Ezin da alde batera utzi gaur egun bizi dugun gizarte frenetikoa. Gero eta lan gehiago idazten, argitaratzen eta irakurtzen dira, eta zaila da eguneraturik egotea. Aipatu ditugun obra klasikoenek berrikuntza-elementu bat partekatzen dute, baina zaila da efektu horretara iristea azken urteetako literatur panoraman. Obrek faktore iragankor eta iheskor bat dute, aipatu dugun transzendentalitate hori zailtzen duena, eta, beraz, zailagoa da gizarteari unibertsalki dei egitea. Belaunaldi gazteenei galde egiten badiegu, Marvelen komikietako superheroiak, Harry Potterren liburuak edo Suzanne Collins-en The Hunger Games bezalako lanak leku berezia hartzen ari dira iruditeria modernoan. Jende askok argudiatzen du klasiko modernoak izango direla, baina nola jakin mito moderno bihurtuko diren? Denborak bakarrik esango du.

Deigarria da pentsatzea zein den istorio batek hizpide izan ditugun garrantzi-mailetara iristeko behar duen “trikimailu magikoa”, baina misterioa da ez dagoela hori jakiteko benetako modurik. Mitoak eta haien sorkuntza, haien iraunkortasuna eta iraungipena bezala, gizakiaren izaera kulturalaren ondorio dira. Mito horiek gizateriaren beharretatik abiatuta sortuko dira une jakin batean, eta iraun egingo dute datozen belaunaldietan behar horier jaramon egiten jarraitzea lortzen badute. Artista askok, Homerok edo Mary Shelleyk egin duten bezala, continuum kolektibo eta kulturalari elementu ikonikoak eman nahi dizkiote. Hala ere, ez dago arrakasta zihurtatzeko modurik, eta hor dago trikimailua. Gizaki garen aldetik, ezagutzen dugun gauzarik gizatiarrena egitea baino ez zaigu geratzen: sortzea, sortzea eta sortzea, hori baita egiten dakiguna, eta, zorte pixka batekin, besteek gizatasun hori ikusiko dute egiten dugun horretan.


OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Klaudia Gomez Tombelle (29 de septiembre de 2025). El Misterio de los Mitos Modernos: ¿Quién será el próximo Homero? El blog de Tartalo. Recuperado 14 de abril de 2026 de https://doi.org/10.58079/14rql


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.