Digital resources in the Social Sciences and Humanities OpenEdition Our platforms OpenEdition Books OpenEdition Journals Hypotheses Calenda Libraries OpenEdition Freemium Follow us

Un recorrido por las Humanidades Digitales

Itzulpena: Jon Alkorta Martiartu doktorea (UPV/EHU)

Bidaia bat Humanitate Digitaletan barrena

Arantxa Serantes doktoreak Humanitate Digitalen, Teknoetikaren, Infoetikaren eta Thick Dataren arloan garatzen du bere lana. Bere esperientzia, batez ere, ikerkuntzan eta irakaskuntzan oinarritzen da, nahiz eta beti etengabeko prestakuntzan eta hobekuntzan egon, batez ere teknologiaren arloan. Efizientzia bikaintasunean oinarritzen denez, long life learning (‘beti ikasten’)delakoa jartzen du praktikan. Horregatik, beti dago prest proiektu eta ideia berrietan parte hartzeko, eta horri esker ditugu hemen bere hitzak. 

Pedro Ortega: Zure lana garatzen duzun esparrua Humanitate Digitalei eskainitakoa da. Nola defini genezake termino hori eta zer diziplina biltzen ditu?

Arantxa Serantes doktorea: Gaur egun unibertsitateko irakaskuntzan eta ikerketan aritzen naiz, eta bitxia da diziplina hori nola garatzen ari den ikustea. Informatika humanistikoan hasi zena Humanitate digital bihurtu da orain, zeinak Futures studies eta Science Matters izenekoak bildu nahi dituen. Bi termino hauek ikerketa hibridoei eta zientzietatik abiatuta eboluzionatu duten eta aztergai berri bihurtu diren gai komunei (humanistikoei eta zientifikoei) egiten diete erreferentzia.

PO: Agian Humanitate Digitalen kontzeptuak bertan behera utziko du zientziak eta letrak irakasteko estilo zaharra. Zer ikasgai ezagutu behar ditu ikasketak arlo honetan egin nahi dituen ikasle batek?

 AS: Ikuspegi metodologiko bikoitza dago. Edo oinarrizko zientzian sakontzen da zientzia aplikatura eramanez, software-a eta tresna digitalak erabiliz; edo natibo digitala da, iraultza teknologikotik datozen esparruetan sakonduz, datuen analisian edo programazioan esaterako. Ikasgaiak era askotakoak izan daitezke, baina guztiek dute STEAM ikuspegia (ez STEM). Puntu hau zehaztu nahi nuke, STEAM Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika ingelesezko sigletatik datorren akronimoa delako (eta Arteek Humanitate Digitalak hartzen dituzte barne). Gure hizkuntzan STEM erabiltzen bada ere, jatorrian ez da horrela. Beraz, aukera asko daude hezkuntza-sistemaren arabera, baina horietako batzuk honako hauek lirateke: web teknologiak eta markatzeko lengoaiak, testu analisia eta estilometria, edo datuen bistaratzea, besteak beste.

Arantxa Serantes doktorea. Argazkia: Manuel Gutiérrez Gómez.

PO: Teknologiak, eta horrekin batera humanitate digitalek ere, aurrera hain azkar egiten duen garai honetan, ez al dute unibertsitate-karrerek zaharkituta geratzeko arriskurik? Ez al litzateke beharrezkoa ziurtagirietan oinarritutako etengabeko prestakuntza bat, aldian-aldian berritu beharrekoa, atzean ez geratzeko? Google-en tresnak ditut buruan, adibidez, zeinen erabilera ofizialerako aldian behin aztertu behar duzun zeure burua. Zure artikulu batean Geohumanitateak aipatzen dituzu. Defini dezakezu termino hori eta zein den diziplina honen helburua?

AS: Unibertsitatea indarra hartzen hasi da teknologiak erritmo esponentzialean egiten duelako aurrera eta etengabeko prestakuntzaren eta espezializazioaren eskaera handia dagoelako. Tresnen kasuan, beharrezkotzat jotzen dut eguneratzea, ziurtagiria zaharkituta gera baitaiteke arlo horretako ezagutzak pragmatikoak direlako.

Geohumanitateak espazio geografikoan errealitate sozial eta kultural ikustezin batzuk identifikatzeko beharraren ondorioz sortu ziren. Horregatik, gaikako mapek eta Storytelling mapek hazkunde handia izan dute kazetaritzaren (geojournalism) eta gizarte-antropologiaren esparruan. Kapa (layers) batean edo gehiagotan informazio asko biltzeko gai direlako legendei edo horien denbora-lerroen bidezko elkarreraginari esker.

PO: Nik Informazio Geografikoko Sistemekin (GIS) lan egiten dut, eta, jakina, informazio geografikoa big data-rekin gurutzatzen badugu, sekulako aukera dugu kokapenari lotutako aldagai asko ezagutu eta ikertzeko. Horrelako tresnekin lan egin duzu?

AS: Bai, Emapic izeneko elkarlaneko tresna batekin egin izan dut lan, etengabeko bilakaeran dagoen API batekin, geoinkestak sortzeko eta herritarren parte-hartzearekin eta eremu sozial eta politikoan (aurrekontu parte-hartzaileak) izan zezaketen aplikazio praktikoarekin  lotutako datuak lortzeko aukera ematen zidana. Egia esan, lortu nituen datuek, beste tresna batzuekin konbinatuta, emozioen inpaktua eta gako-hitzen pisua ikusten lagundu zidaten esperotako emaitza baten araberako balorazio positibo edo negatiboak egiteko orduan. Hori dela eta, Thick Data askoz erakargarriagoa egiten zait eskala handiko datuak baino; izan ere, askoz ere zailagoa da datu horiek araztea, eta ez dute hainbeste eragiten gizarte-eragileen eguneroko bizitzan.

PO: Herritarren zientziaz ere galdetu nahi nizuke. Zer biltzen du kontzeptu horrek? Zure lanean ere faktore humanoaren galera aipatzen duzu teknologiaren aurrean. Hor sartzen dira giza askatasuna mugatuko dutela diruditen algoritmoak eta adimen artifiziala. Zer hausnarketa egin dezakegu egoera horretatik?

AS: Herritarren zientziak badu osagai teknologiko bat ere (crowdsourcing), non herritarrek sinpleak baina oso beharrezkoak diren lanak egin ditzaketen emaitza jakin bat lortzeko ikerketa akademikoko proiektu batean, gamifikatutako esperientzia baten bidez. Ekarpen hau mugarri bat izan liteke ikerkuntzan eta sare neural handi bat sortuko luke, non herritarrek eta akademiak elkarrekin lan egingo luketen guztion onerako.

PO: Azkenik, nire elkarrizketatu guztiei egiten ari naizen galdera bat egin nahi nizuke, Metaversoari buruzkoa: Nola ikusten duzu garapen betean dagoen sasierrealitate honen etorkizuna? Zure ustez, beharrezkoa al da Metabertsoaren barruan kultura-ondareari eskainitako doako erabilerako espazio bat egotea?

AS: Metabertsoa negozio handi bat edo errealitatearen eraldaketa bat izan daiteke, non espazioa hiru dimentsiokoa eta birtuala izango den. Sormen-askatasuna eta aukerak izugarriak badira ere, nortasuna galtzeko aukera dago eta gailu elektronikoekiko kodependentzia kaltegarria izan liteke ere.
Errealitatea eta desberdintasun sozialak ez dira ahaztu behar. Metabertsoa ez litzateke ihesbide bihurtu behar, eta, beraz, joko-arau jakin batzuk beharrezkoak dira.

Internetekin gauza bera gertatu zen. Osagai kultural eta sozialagoa izan zezakeen, baina negozioa nagusitu da. Esaterako, netart delakoa Internet merkantilizatzearen aurka eta ziberkulturaren alde ahotsa altxatzeko modu gisa sortu zen. Inork ez du esaten metabertsoa bakarra izan daitekeenik edo erreplika posiblerik izango ez duenik. Datuak biltegiratzeko eta ugaltzeko baldintzen mende dago dena, orain arteko Big Data iturririk handiena izan baitaiteke.

PO: Beste edozer gehitu nahi zenuke?

AS: Uste dut Teknoetikak eta Infoetikak oso paper garrantzitsua izango dutela berrikuntza teknologikoari balioa ematerakoan, eta Zuzenbidearen laguntzarekin arriskuak baloratu ahal izango ditugu. Asko interesatzen zait esparru hori, informazioaren tratamendua, eskubide digitalak eta giza osagaiarekiko errespetua marketin ororen gainetik egon behar direlako.

PO: Mila esker zure erantzunengatik.

Dr. Pedro Ortega

Ingeniero Industrial, Historiador del Arte, Máster en Edición Digital y Doctor en Estética. Es Gestor Cultural de Patrimonio Mundial del Ayuntamiento de Madrid. Edita la revista académica Herejía y Belleza y dirige el sello académico Ediciones Aulós. Es autor en Penguin Random House y ha escrito artículos para El Imparcial, Jot Down e Historia National Geographic, entre otros medios. Pedro Ortega PhD Industrial Engineer, Art Historian, with a M.A. in Digital Publishing and a PhD in Aesthetics. He is the cultural manager at the World Heritage Service of the Madrid City Council. He is a published author at Penguin Random House and has written articles for El Imparcial, Jot Down and Historia National Geographic, among others. Pedro Ortega doktorea Industria Ingeniaria, Artearen Historialaria, Edizio Digitaleko Master-duna eta Estetikan Doktorea. Kultur kudeatzailea da Madrilgo Udaleko Munduko Ondare Zerbitzuan. Penguin Random House-ko idazlea da eta artikuluak idatzi ditu El Imparcial, Jot Down eta Historia National Geographic-entzat, besteak beste.

More Posts - Website

Follow Me:
LinkedIn


OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (10 de febrero de 2023). Un recorrido por las Humanidades Digitales. El blog de Tartalo. Recuperado 19 de marzo de 2025 de https://doi.org/10.58079/unvh


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.