Digital resources in the Social Sciences and Humanities OpenEdition Our platforms OpenEdition Books OpenEdition Journals Hypotheses Calenda Libraries OpenEdition Freemium Follow us

Aquitectura y 3D

Itzulpena: Jon Alkorta Martiartu doktorea (UPV/EHU)

Arkitektura eta 3D

Javier Alonso Madrid bere lanean punta-puntako teknologiak aplikatzen dituen arkitektoa da. Bere hitzetan, “Proiektu Arkitektoniko Bereziak: etxebizitzak, merkataritza, aireportuak, azpiegiturak, etab.” gauzatzen ditu. BIM prestatzailea da nazio-mailan, eta eraikuntzarako eskala handiko 3D inprimaketako I+G+Bn (Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntza) dihardu. Bere lanaren, aisiaren eta Ondare Digitalaren arteko loturez galdegin diogu, ez baitira gutxi. Hona hemen elkarrizketa:

Pedro Ortega: Arkitekto gisa egiten duzun lanean BIM metodologia aplikatzen duzu 3Dn diseinatutako eraikin berriak egiteko. Teknologia hori erabili al duzu elementu babestuak kontserbatzeko edo desagertutako eraikinak birsortzeko?

Javier Alonso: Dagoeneko hamarkada bat baino gehiago daramagu metodologia honekin lanean, beste prozesu batzuekin nekez lor daitekeen eraginkortasuna eta zehaztasuna ematen baitizkigu.

Eta, zalantzarik gabe, Birgaitzearen arloan eta, bereziki, eraikin historikoetan ematen dute lan-fluxu hauek fruitu gehien. Kasu hauetan lehendik dagoen eraikin batetik abiatzen gara, normalean konplexutasun geometriko handia duena, zeinetaz asko ezagutu behar den ezertan hasi aurretik. Guk 3D eskanerra, droneak, termografia, fotogrametria eta beste mekanismo batzuk erabiltzen ditugu prozesu digital bat hasieratik izateko.

PO: 3Dko inprimaketa ere egiten duzu. Teknologia hori duela urte batzuk indartsu zetorrela esaten zen, baina badirudi ez dela uste bezain ezagun egin. Zer aplikazio ematen dizkiozu teknologia honi? Zer aukera ditu 3D inprimaketak kultura-ondarerako?

JA: Beste teknologia askorekin bezala, hau ere mundua iraultzera zetorrela zirudien, baina soilik enpresa txiki eta handien eraikuntza-prozesuetan integratzea lortu du, material eta tresna informatikoen ezagutza-maila handia baitakar. Eta hori ez dago erabiltzaile arruntaren esku.

Ondarearen gaiarekin lotuta, erraza da piezak edo eraikinak hormigoizko, igeltsuzko edo zurezko 3D inprimaketaren bidez erreplikatu ahal izatea, adibidez. Horretan ari gara buru-belarri, eta, agian, interes handieneko eremuetako bat izan liteke.

Hitz egin dezagun biki digitalei buruz. Zer teknika eta gailu erabiltzen dituzu hauek sortzeko?

JA: Bada askotarikoak: telefono mugikorrak, karga handiko 3D lidar droneak, lurreko eskaner estatiko eta dinamikoak, 8K kamerekin egindako fotogrametria eta sonarra.

Gakoa datu horiek guztiak prozesatzea, sailkatzea eta kontrolatzea da, datuak hartzea garrantzitsua den arren, helburu argirik izan gabe ez baita erraza biki digital on bat sortzea. Baina pieza guztiak bere lekuan daudenean, magia dirudi.

PO: Droneei buruz galdetu nahi nizun. Badakit pilotu aditua zarela. Zer ekipo duzu eta nola erabil daiteke ondarea 3Dn jasotzeko?

JA: Gaur egun 20 ekipo desberdin baino gehiago ditugu. 250gr azpikoetatik hasita, askatasun handiz hegan egiteko aukera ematen digutenak, 3 kamera eta GPS sistema anitzeko 3D eskanerrak dituzten 10kg baino gehiagokoetara, zeinek milimetro erditik beherako zehaztasuna eskaini eta hiri osoetan zehar biki digitalak jasotzeko aukera ematen diguten.

Espainiako eta beste herrialde batzuetako eraikin historiko ugari altxatzeko erabili dugu, baita espazio handiagoak edo ia iritsiezinak direnak ere. Bere aukerak mugagabeak dira eta guretzat ezinbesteko tresna da.

PO: Errealitate birtualarekin ere egiten duzu lan. Zer egin duzu arlo honetan?

JA: Gainerako teknologiak bezala, gure proiektuak hobeto ikusi eta ezagutzeko erabiltzen dugu, baina baita gure bezero eta kolaboratzaileei proiektatzen ditugun espazio arkitektonikoak ezagutarazteko ere, leku bat ezagutzeko bertatik libreki paseatzea baino modu hoberik ez dagoelako. Urrutiko bileretarako ere erabiltzen dugu, eta gero eta gehiago integratzen dugu gure lan-fluxuan.

PO: Zure ibilbide profesionala I+G+Bra bideratu duzu. Zer lan-ildo lantzen dituzu arlo horretan? Kultura Ondareari eskainitakoren bat?

JA: Aurretik adierazitako guztia. Guretzat I+G+Ba benetazko premia bat da, baina horretaz gain nazioartean askoz lehiakorragoak izateko aukera ere ematen digu. Eta, bitartean, asko dibertitzen gara eta hori funtsezkoa da zure egunerokoan. Adibidez, orain drone-multzoen hegaldi autonomoei buruzko proiektuak hasi ditugu, eta baita beste herrialde batzuetako eraikin historikoen errepliken 3D inprimaketari buruzkoak ere.

Kultura-ondarearekin zerikusia duen guztia bereziki interesatzen zaigu, eta, beraz, ingurune historiko babestuetako biki digitalen garapenean zentratzen gara, hauen bisita birtualetarako edo 3D inprimaketa erreplikarako, adibidez.

PO: Amaitzeko, zer deritzozu Metabertsoaz. Uste duzu arrakasta izango duela?

JA: Baietz uste dut, baina ez modu masiboan. Edozein pertsonaren esku ez dagoen aldez aurreko jarrera pertsonala eskatzen du. Ziurrenik, lanbide-ingurunean gailenduko da, bideo-hitzaldiek, adibidez, eta aisialdiko jarduera batzuek egin duten bezala.

PO: Gainera, oraintxe bertan, Metabertsoaren planetan ez da Kultura Ondarea sartzen. Nik metabertso kultural eta doakoa sortzeko ideiari heltzen diot, errealitate birtualari aplikatutako Wikipedia bat bezala. Zer deritzozu ideia horri? Teknikoki eta ekonomikoki bideragarria dela uste duzu?

JA: Badira ekimen asko jada, baina partikularrak dira. Plataformak helduak existitzen dira, baina informazioz hornitu behar dira, eta hori da garestia dena.

Kultura-ondarearen arazoa da baliabide ekonomikoak oso mugatuak izaten direla, eta lan handia izaten dela dohainik ematen amaitzeko. Ea administrazioak gure kultura-ondasunen digitalizazioaren potentziala behin betiko deskubritzen duen, hori baita etorkizunean haren osotasuna bermatzeko modu bakarra. Norbanako batek Notre Dameko katedrala 3Dn eskaneatzea erabaki izan ez balu…

PO: Beste ezer gehitu nahi duzu?

JA: Eskerrik asko elkarrizketagatik eta nire lanarekiko interesagatik. Nik neuk uste dut arkitektura beti egon dela berrikuntzarekin lotuta, eta, jakina, ezagutza zabal eta sakonei, nik “helduen jolasleku” deitzen ditudanei, etekina ateratzeko lekurik onena, nire ustez, Kultur Ondarearen ingurunea da.

Mila esker.

Dr. Pedro Ortega

Ingeniero Industrial, Historiador del Arte, Máster en Edición Digital y Doctor en Estética. Es Gestor Cultural de Patrimonio Mundial del Ayuntamiento de Madrid. Edita la revista académica Herejía y Belleza y dirige el sello académico Ediciones Aulós. Es autor en Penguin Random House y ha escrito artículos para El Imparcial, Jot Down e Historia National Geographic, entre otros medios. Pedro Ortega PhD Industrial Engineer, Art Historian, with a M.A. in Digital Publishing and a PhD in Aesthetics. He is the cultural manager at the World Heritage Service of the Madrid City Council. He is a published author at Penguin Random House and has written articles for El Imparcial, Jot Down and Historia National Geographic, among others. Pedro Ortega doktorea Industria Ingeniaria, Artearen Historialaria, Edizio Digitaleko Master-duna eta Estetikan Doktorea. Kultur kudeatzailea da Madrilgo Udaleko Munduko Ondare Zerbitzuan. Penguin Random House-ko idazlea da eta artikuluak idatzi ditu El Imparcial, Jot Down eta Historia National Geographic-entzat, besteak beste.

More Posts - Website

Follow Me:
LinkedIn


OpenEdition le sugiere que cite este post de la siguiente manera:
Dr. Pedro Ortega (1 de marzo de 2023). Aquitectura y 3D. El blog de Tartalo. Recuperado 19 de marzo de 2025 de https://doi.org/10.58079/unvi


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.